Koronabirusa Azpeitian

Positiboak behera, hamalau eguneko intzidentzia tasa ere bai

Julene Frantzesena 2020ko aza. 6a, 13:42

Abuztuaren 1etik atzora arteko positiboen eta asteko bataz bestekoaren grafika.

Atzo hamalau positibo zenbatu zituen Osakidetzak Azpeitian, eta 84 dira azken zazpi egunetan gauzatutako testetan positibo eman duten herritarrak. Azken zazpi egunetan, batez beste, hamabi lagunek eman dute positibo herrian. Hamalau egunetako Intzidentzia tasak behera egin du herrian, baina oraindik ere oso altua da: 1.368,32.

Positiboen kopuruak etenik ez badu ere, datuek apaltzera egin dute azken astebetean Azpeitian. Atzo, osteguna, herrian gauzatu zituzten PCR probetan –ez dute zehazten herriz herri zenbat test egiten dituzten– hamalau positibo atzeman zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Astelehenetik, guztira, 53 lagunek eman dute positibo herrian. Azken zazpi egunetan, berriz, 84 herritarrek; eguneko hamabi lagunek, batez beste. Aurreko zazpi egunetan –urriaren 23tik 29ra–, berriz, 122 lagunek eman zuten positibo.

Osasun Sailak hamabost eguneko datuak hartzen ditu kontuan 100.000 biztanleko positibotasun tasa kalkulatzeko. Beheko grafikoan abuztuaren 1etik atzora arteko 100.000 biztanleko positiboen tasaren bilakaera ikus daiteke. Irail bukaeratik urriaren bukaeara etengabeko hazkundea izan du zenbateko horrek herrian, baina azken astean beheranzko joera hartu du. Hala eta guztiz, Azpeitiko tasa oso altua da oraindik ere. Duela hamalau egun 1.560,94 zen tasa, eta gaur 1.368,32 da. Gainera, tarteko egunetan goia jo zuen zenbateko horrek: urriaren 30ean 1.700eko langa gainditu zuen.

Azpeitikoaz gain, Urola Erdiko bi herri handienen tasa ere ekarri du Uztarria.eus-ek goiko grafikora. Azpeitian apaltzera egin badu ere, Azkoitian goraka jarraitzen du azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibotasun tasak. Hain zuzen ere, Azpeitikoa baino baxuagoa izan zen herri horretako zenbatekoa aurreko astean, esaterako, baina azken egunetan gora egin du nabarmen, eta gaur 1.445,99n dago kokatuta –21 kasu atzeman dituzte han azken orduetan–. Zestoan, berriz, urriaren 27an jo zuen goia tasak –1.174–, baina azken astebetean, gorabeherak gorabehera, behera egin du: Osakidetzak gaur kaleratutako datuen arabera, 939,21 da tasa. Atzo positibo bakarra zenbatu zuten han.

Grafikoan ikusten diren gorakada horiek, neurri batean, koronabirus agerraldiek eta fokuek eragindakoak dira; izan ere, abuztuan Alde Zaharrean izandako fokuarekin du zer ikusia Azpeitiko lerroko gorakadak, eta Zestoan irailaren erdi-bukaera aldean izan zen agerraldiarekin. Azkoitian ere goraka nabari daiteke baheketa selektiboa egin zuten egunetan.

Errezilgo datuak ere ez dira onak, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez –628 zehazki–, tasak eta batez bestekoak oso aldakorrak dira. Azken zazpi egunetan bost errezildarrek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, eta herri horretako azken astebeteko 100.000 biztanleko positibotasun tasa 391,34 da. Dena den, azken hamalau egunetakoa kontuan hartuz gero, nabarmen egiten du gora tasak: 2.866,24 da intzidentzia tasa. Atzo positibo bat detektatu zuten Errezilen.

Urola Kostan, guztira, 64 positibo atzeman zituen Osakidetzak atzo gauzatutako probetan. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Errezilgo 37 kasuez gain, hamabi Zarautzen, Orion sei, Zumaian bost, Getarian bi eta bana Aian nahiz Aizarnazabalen.

Hego Euskal Herrian 1.892 kasu

Gipuzkoan 663 positibo izan ziren atzo, 690 Bizkaian eta 175 Araban. Guztira, 14.937 proba egin zituzten hiru lurralde horietan, eta 1.277k eman zuten positibo –positibotasun tasa % 8,5ekoa da–. Erietxeetako egoerak nabarmen egin du okerrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: atzo 74 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 463 dira ospitaleetan daudenak. Horietatik 111 lagun daude ZIUn. 

Nafarroako datuak ere eman ditu hango gobernuak. Atzokoan 4.482 proba egin zituzten, eta horietatik 345 kasu zenbatu dituzte. Astelehenetik nabarmen moteldu da positiboen hazkundea; 400 kasutik behera zenbatu dituzte bi egunetan.