Koronabirusa Azpeitian

Berriro ere nabarmen egin dute gora kasu positiboek Azpeitian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 4a, 14:02

Azken hiru egunetan positiboen beherakada izan bada ere, atzo 21 kasu berri zenbatu zituzten, eta 1.580,87koa da 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa. Bihar, hilak 5, Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI) bilduko da, eta neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko dute.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, eskualdean gora egiten jarraitzen du atzemandako kasu positiboen kopuruak. Atzo, asteartea, 77 kasu berri zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostan. Azpeitian detektatu dituzte positibo gehien eskualdean, eta berriro egin du gora kopuruak: herenegungo zortzi positiboen ostean, 21 emaitza positibo izan ziren atzo. Gaur-gaurkoz, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.580,87koa da Azpeitian —1.481,24koa zen atzo—. 

Atzetik jarraitzen diote Azpeitiari Zarautzek, Azkoitiak eta Zumaiak, eta atzo zenbatutako zazpi kasuekin, gorriz jantzi da Orio ere. Zarautzen igo egin da kasu berrien kopurua, hamabost positibo detektatu baitzituen atzo Osakidetzak. Hamarna emaitza positibo izan ziren herenegun eta igandean, eta 673,79koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz. Azkoitian, berriz, hamahiru kasu berri zenbatu zituzten atzo, herenegun baino bost gutxiago. Ostiraletik igandera bitartean, berriz, hogei positibo atzeman zituzten. Kasu metatuen tasa 1.417,97koa da une honetan Azkoitian (1.326,22koa zen atzo). Zumaiak gertutik segitzen dio Azkoitiari: hamabi positibo berri izan ziren atzo, herenegun baino hamar gehiago. Hala, intzidentzia tasa altua du oraindik: 1.882,95 (atzo, 1.923,66koa zen). Semaforo gorria, beraz, piztuta dago oraindik Azpeitian, Zarautzen, Azkoitian eta Zumaian.

Dena den, ez dira gorriz margotutako herri bakarrak eskualdean: kolore laranjatik igarota, aurreneko aldiz, kolore gorriz markatu dute Orio. Atzo zazpi kasu berri zenbatu zituzten, herenegun baino lau gehiago. Orain, 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 511,47koa da. Aizarnazabalen ere izan da igoera: bost emaitza positibo izan ziren atzo, herenegun baino lau gehiago. Hortaz, intzidentzia tasa 1,572ra igo da.

Aian bi positibo detektatu zituen atzo Osasun Sailak (700,70ekoa da intzidentzia tasa), eta Getarian eta Errezilen, bana. 948,70ekoa da kasu metatuen kopurua Getarian, eta Errezilek du eskualdeko tasa altuena: 3.343,95.

15.611 proba Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak argitaratu duenez, orotara 15.611 proba (PCR nahiz antigenoak) egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 3.725 proba gehiago. Horietatik 1.425 izan ziren emaitza positiboak, %9,1 alegia. Gipuzkoan 630 kasu berri detektatu zituzten, Bizkaian 623, eta Araban 163. Nafarroan, aldiz, 3.807 pertsonak egin zuten proba atzo, eta urriaren 8tik jaso den daturik baxuena erregistratu zuten: 343 positibo, herenegun baino ia 100 gutxiago.

LABIren bilera, bihar

Bihar, azaroak 5, bilduko da Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertuko dute batzarrean, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez. Azken asteetan adierazi du mahai gainean dela itxialdi orokorra indarrean sartzeko aukera, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur ere ez du balizko neurria baztertu. "Gero eta gutxiago izan arren", ordea, gogorarazi du badirela beste aukera batzuk.