Koronabirusa Azpeitian

Zortzi positiborekin, intzidentzia tasak apaltzera egin du

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 3a, 13:52

Atzo zortzi positibo atzeman zituzten herrian, hamabost izan dira azken hiru egunetan, eta ehun azken astean. Egoera kezkagarria da, baina joan den astean baino positibo berri gutxiago zenbatu dituzte azken egunetan. Ondorioz, eta motel bada ere, intzidentzia tasa apaltzen ari da. 100.000 biztanleko 1.481ekoa da orain, eta 1.653koa zen urriaren 29an.

Osasun Sailak zortzi positibo zenbatu zituen atzo herrian, eta hamabost izan dira azken hiru egunetan zenbatu dituenak —larunbatean lau eta igandean hiru—. Datua ez da ona, baina ez da joan den asteko egun gehienetan erdietsitakoa bezain txarra ere, 25 kasu edo gehiago atzemandako egun bat baino gehiago izan zirelako. Horrenbestez, intzidentziak tasak apaltzera egin du, motel bada ere. Urriaren 29an 1.654koa zen tasa hori, eta gaur 1.481ekoa da; oraindik ere altua da, baina duela egun batzuk baino baxuagoa.

Eskualdean 46 kasu zenbatu dituzte orotara: Azpeitiko zortzi eta beste 38. Horietatik gehienak Azkoitian, hemezortzi hain zuzen, ia aurreko hiru egunetan zenbatutakoa adina –20 kasu izan zituzten ostiraletik igandera bitartean–. 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.326 da han.

Zumaian baretzera egin du egoerak. Bi astez olatuaren aparrean egon ondoren, eta pasa den astean baheketa selektiboa egin eta gero, badirudi atsedenaldi bat izan dutela. Bi kasu besterik ez zituzten atzeman atzo, asteburuan izandako 36 kasuetatik urruti. Dena dela, Errezilen atzetik, eskualdeko bigarren intzidentzia tasa handiena du Zumaiak: 1.924.

Zarautzen berriro gora egin du positiboen kopuruak; beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo (93 kasu dira azken zazpi egunetan), eta semaforo gorria piztu da berriro herrian. Kasu metatuen tasa 500dik gora dago berriro –635,17 atzo—.

Eskualdeko beste lau herritan ere positiboak atzeman zituzten atzo: hiruna Zestoan eta Orion, eta bana Aian eta Aizarnazabalen; Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez zen kasurik izan.

1.500 positibotik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere gorantz jarraitzen du kasu positiboen zenbaketak. 1.525 kasu positibo atzeman zituzten atzo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.886 proba egin zituzten atzo, eta 1.120 positibo detektatu zituzten. Bizkaian izan zituzten kasu gehien, 506; Gipuzkoan 490 kasu izan ziren, eta Araban 113. Hiru lurraldeko datuak batuta, intzidentzia tasa 715,76koa da. 

Ospitaleratuei dagokionez, beste 73 lagun eraman zituzten hiru lurraldetako ospitaletara. ZIUn, gaur egun, 106 lagun daude. 

Nafarroan beste 525 kasu izan zituzten egindako 4.505 probetan. Tamalez, beste sei lagun hil ziren atzo Nafarroan birusaren eraginez.