Euskaraldia 2020

Euskaraldian izena emateko mahaia jarriko dute plazan ostiralean eta zapatuan

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 3a, 10:55

Hilaren 6an 18:00etatik 20:00etara eta 7an 11:00etatik 13:00etara izango da herrian bertan izena emateko aukera; balkoietan eta leihoetan jartzeko banderatxoak erosteko aukera ere izango da izen-emate mahaian. Baina Internetez ere eman daiteke izena, euskaraldia.eus webgunean. Azaroaren 19ra arteko epea dago ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta izena emateko.

Azken txanpan sartu da bigarren Euskaraldian parte hartu nahi duten norbanakoen izen-ematea. Hain zuzen ere, azaroaren 19ra arte eman dezakete izena ahobizi edo belarriprest rola aukeratu, eta euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean parte hartu nahi duten herritarrek. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra, hamabost egun iraungo ditu aurtengo Euskaraldiak.

Irailaren 24an zabaldu zuten Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea eta dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako 70.000 bat herritarrek egin dute bat egitasmoarekin. Antolatzaileek emandako datuen arabera, orain arte izena eman dutenen artean %20k lehen edizioan ez zuen parte hartu.

Euskaraldian iizena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako hilaren 19a bitartean. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena; telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere egin daiteke izen-ematea; eta, herri batzuetan bederen, Euskaraldia antolatzen laguntzeko eratu dituzten batzordeen bidez izen-ematea aurrez aurre egiteko aukera ere izango da.

Azpeitian, esaterako, aste honetan birritan jarriko dute Euskaraldian izena eman nahi dutenentzak mahaia. Plazan egongo da mahai hori, ostiralean 18:00etatik 20:00etara eta zapatuan 11:00etatik 13:00etara. Ahobizi edo belarriprest gisara izena emateaz gain, aurtengo edizioaren leloarekin —Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan— balkoietan eta leihoetan jartzeko atera dituzten banderatxoak eskuratzeko aukera ere izango da mahai horretan. Egun horietan plazara joan ezin dutenek, berriz, astelehenetik ostiralera Udal Euskaltegian eskura ditzakete banderatxoak, baita Topagunearen bidez, Euskaraldiaren online dendan edo Eroski saltokietan ere.

Izena emateko deia

Garaiotako beste ekimen guztiak bezala, COVID-19ak eragindako egoerak baldintzatuta dator Euskaraldiaren bigarren edizioa ere. Hala ere, "helburua parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela kontuan hartuta", antolatzaileek ariketan parte hartzera animatu nahi dituzte "euskara ulertzeko eta euskaraz aritzeko gai" diren herritarrak. Bakoitzaren harreman sareetan —"etxean, lanean, komertzioetan, lagunartean edo Internet bidezko harremanetan"— "hizkuntza praktikak aztertzeko, euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatzeko eta ariketan parte hartzeko deia" egin dute Euskaraldiaren sustatzaileek.

Izen-ematea "ahalik eta arinen" egiteko gomendioa ere zabaldu dute antolatzaileek, "ariketaren aurretik herriz herri egingo den txapa banaketa behar bezala antolatu ahal izateko". Izena emateko dei orokorraren barruan, hiru dei zehatz egin dituzte:

  • Euskaraldiaren lehen edizioan parte hartu zuten belarriprest eta ahobiziei. Bigarren edizioan ere izena ematea garrantzitsua dela gogoratu dute antolatzaileek, "antolaketarako garrantzitsua delako (txapa banaketarako eta informazio zein formazioa zabaltzeko) eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak egin eta errepikatzea beharrezkoa delako".
  • Ariguneetan parte hartuko duten kide guztiei. Beren entitateek izena eman duten arren, ariguneetako partaideek ahobizi edo belarriprest modura izena eman beharra dutela gogoratu dute.
  • Aurreko edizioan parte hartzerik izan ez zutenei. Arrazoi ezberdinengatik aurreko edizioan parte hartu ez zutenei "rola aukeratu, izena eman eta ariketa egiteko gonbita luzatu" diete antolatzaileek. "Ariketa egitea merezi du, inguruan euskaraz aritzeko uste baino aukera gehiago dagoela eta, arituz, hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusiko dutelako".