Koronabirusa Azpeitian

Positibo kopuruak behera egin du asteburuan herrian

Onintza Lete Arrieta 2020ko aza. 2a, 13:21

Izarraitz pilotalekuan baheketa selektiboa egin zuteneko irudi bat.

Osasun Sailak 31 positibo zenbatu ditu ostirala eta igandea bitartean Azpeitian, aurreko asteburuko ia erdiak. Hala ere, intzidentzia tasa oso altua du herriak: 100.000 biztanleko 1.521 positiboren bueltan dago. Eskualdean eta Hego Euskal Herrian ere behera egin du positibo kopuruak.

Osakidetzak jakinarazi ditu ostiralean, larunbatean eta igandean gauzatutako PCR eta antigeno proben datuak. Azpeitian kasu ugari izan dira, baina aurreko asteburuko datuarekin alderatuta, nabarmen egin dute behera positiboek; izan ere, asteburu honetan 31 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak herrian, eta joan zen astean 59. Beraz, ia erdira jaitsi da asteburuan Azpeitian atzemandako positiboen kopurua. Dena den, Osakidetzak ez du zehazten herrika zenbat PCR proba egiten dituen.

Hala eta guztiz, hamalau eguneko intzidentzia tasak altua izaten segitzen du, 100.000 biztanleko 500 positiboren langa aise gaindituta du Azpeitiak: 1.521,09 da tasa hori –urriaren 30ean jo zuen goia, 1.700era iritsita–. Azken zazpi egunetan 94 positibo atzeman dituzte herrian, eta kopurua beheraka egiten hasi da. Zazpi eguneko intzidentzia tasan ikus daiteke hori: 624,38 da tasa orain, baina joan zen astean 800eko langa gainditu zuen –900era ere iritsi zen– astebeteko positibotasun tasak.

Positiboek behera Urola Kostan

Azpeitian ez ezik, Azkoitian ere behera egin dute positiboek asteburuan; izan ere, han 24 kasu atzeman dituzte –aurreko asteburuan 38–, azken asteetako gutxiena. Dena den, 1.201,1 da hango positibotasun tasa gaur-gaurkoz. Positibo kopuruaren beheranzko joera, baina, ez da Urola Kostako herri guztietara iritsi: Zarautzen 52 kasu atzeman dituzte, azken egunetako gehien, eta herri horrek ere gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren tasa. Zumaian ere egoerak ez du hobera egin: ia 2.000 positiboko tasa du, eta 36 positibo zenbatu dituzte han asteburuan.

Bestalde, Getarian bederatzi positibo atzeman ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean, Orion zazpi, Zestoan sei, Aian bost, Aizarnazabalen hiru eta Errezilen bi. Beizaman ez dute oraindik koronabirus kasurik atzeman. Orotara, 171 positibo zenbatu dituzte hiru egunetan eskualdean, aurreko astean baino gutxiago; orduan 194 lagunek eman zuten positibo probetan.

Hego Euskal Herrian ere behera

Hego Euskal Herrian ere behera egin zuen atzo positiboen kopuruak. Ostiralean PCR eta antigeno proba gauzatu zuten herritarren %8,7k eman zuten positibo, zapatuan %9,3k eta igandean %6,9k. Beraz, nabarmena da positibo kopuruaren jaitsiera, baina ezin da zehaztu joera edo salbuespena den.

Gipuzkoan atzo 368 zenbatu zituzten –larunbatean 587–, Bizkaian 520 eta Araban 64. Hiru lurraldeetako datuak batuta, 12.452 test egin eta 952 kasu zenbatu zituzten, eta beraz, positiboen beheranzko joera izan azken orduetan. Izan ere, larunbatean 1.151 kasu atzeman zituzten hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 525 kasu berri zenbatu zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Larunbatean 580 kasu atzeman zituzten, eta egoerak oso larria izaten jarraitzen du lurralde horretan.

Ospitaleetako egoeran ere jarri beharra dago azpiarra. Izan ere, azken egunetan asko hazi da ospitaleratzeen kopurua. Aurreko igandean 392 pertsona bazeuden ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta atzo 469. ZIUn, berriz, 76tik 104ra igo dira astebeteko epean zerbitzu hori behar izan duten pertsonen zenbatekoa. Nafarroakoako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak argitaratu oraindik.