Alex Txikonek 'Mendi biluzia' dokumentala aurkeztuko du igandean

Julene Frantzesena 2020ko aza. 3a, 09:45

Soreasu antzokian izango da mendigoizalea Nanga Parbat mendira eginiko neguko lehen igoaldiaren bueltako lana aurkezten. 17:00etan eta 19:00etan izango dira saioak, eta sarrerak salgai daude oraindik ere.

Alex Txikonek Nanga Parbatera egindako neguko lehen igoaldia biltzen duen dokumentalaren bi emanaldi izango dira igandean Soreasu antzokian. Mendi biluzia lana ikusi ahal izango dute herritarrek 17:00etan eta 19:00etan, eta bi saioetarako sarrerak salgai daude Kulturaz.eus webgunean.

Txikon da ikus-entzunezkoaren protagonista, baita gidoilaria ere, eta mendigoizalea Soreasuko emanaldietan izango da; izan ere, hark egingo du lanaren aurkezpena bi saioetan. Gipuzkoan lehen aldiz Azpeitian emango dute Mendi biluzia.