Azkoitia-Azpeitia ISBk ezin izan du BAXI Ferrol taldearen aurka

Andoni Elduaien 2020ko aza. 2a, 08:55
ISBko neskak, neurketan zehar. (Argazkiak: Euskadiko Saskibaloi Federazioa)

Azkoitia-Azpeitia ISBk Liga Femenina 2 mailako liderra hartu zuen atzo goizean Azkoitian. Galiziako taldea goitik behera nagusitu zen Elkargunean.

Azkoitia-Azpeitia ISBk 52 eta 99 galdu zuten atzo, igandea, BAXI Ferrol taldearen aurka Azkoitiko Elkargunean. Mailaz igotzeko antolatutako Galiziako taldea nagusi izan zen hasieratik amaierara arte. ISB sailkapeneko bederatzigarren postuan da orain, jokatutako hiru partidetatik bat irabazita. BAXI Ferrol taldea, berriz, liderra da, jokatutako bost partidak irabazita.

Neurketa huts eta zortziko partzialarekin hasi baldin bazen ere, lehen laurdena 20 eta 26 amaitu zen galiziarren alde. Bigarren laurdenean, ordea, Ferrolgo taldeak defentsako lana gogortu egin zuen, eta ISBri baloiaren irteera zailduz, baloi asko lapurtu zituzten. Atsedenaldira bederatzi hiruko saskiratze lortuta iritsi ziren kanpokoak; 28 eta 59 markagailuarekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea.

Hirugarren laurdenean ere antzeko gidoia izan zuen partidak, eta galiziarrek abantaila handitzea besterik ez zuten lortu; 39 eta 76 erakusten zuen markagailuak azken laurdenari ekin aurretik. BAXI Ferrol taldeak lana gogor egin zuen amaierara bitartean, eta presio zein intentsitate altuarekin puntu asko lortu zituzten trantsizioan. Amaieran, Azkoitia-Azpeitia ISBk 52, BAXI Ferrolek 99.