Babestutako edukia

Enkarguk: lehen hilabetearen balorazio "oso positiboa"

Uztarria.eus 2020ko urr. 31a, 08:00

Paygold bidez ordaintzeko aukera ezarri dute etxerainoko banaketan, bezeroaren eta banatzailearen arteko kontaktua ekiditeko. Gainera, zerbitzuak doan izaten jarraituko du azaroan.

Enkarguk, Whatsapp bidez erosketak egiteko zerbitzua urriaren hasieran jarri zuten abian, eta orain arteko bidearen balorazio positiboa egin dute arduradunek. Funtzionamendu garbia du proiektuak: bezeroak enkarguen zerrenda bidaltzen du Whatsapp bidez, eta, ondoren, etxean, kontsignan edo saltokian bertan jasotzen da eskaria.

Hilabeteko datuek erakutsi dutenez, jasotzeko hiru aukeretatik, etxerainoko banaketa zerbitzua izan da erabiliena, jarraian kontsignan jasotzekoa, eta, azkenik, saltokian hartzekoa. Eskaerak egiteko ordutegiari dagokionez, berriz, astelehenak, astearteak eta ostiralak dira erosketa gehien egiten diren egunak, eta arratsaldez gehiago eskatzen da. Gainera, hamasei dendak eta azokako hamabi ekoizlek ekin diote proiektu berriari, eta denek jaso dute enkarguren bat lehen hilabetean zehar.

Erabiltzaile guztiei asebetetze inkesta egin zaie, eta bertatik ondorioztatutako emaitzak ere "oso onak" direla agertu dute Enkarguk. Hala, erabiltzaileen %91ak "oso ontzat" hartu du zerbitzua, eta %9ak, berriz, "ontzat". Aldiz, ez da zerbitzuaren aurkako iritzirik jaso. "Aipatzekoa da jaso ditugun aburu denak oso positiboak izan direla: erosoa eta azkarra dela, zerbitzu bikaina eta jasangarria dela, eta abar. Are gehiago, erabiltzaileen %100ak zerbitzua berriro erabiltzeko asmoa agertu du, eta gauza bera diote emaitzek, dagoeneko errepikatu baitu bezeroen %50ak baina gehiagok. Oso gustura gaude", agertu du Usoa Etxeberria arduradunak. Hori horrela, zerbitzua doan izaten jarraituko duela azaroan aurreratu du Etxeberriak.

Proiektu pilotu gisa hasi zenez, hilabetean zehar izan dute non hobetu jakiteko beta. Bezeroek egindako gomendioak kontuan hartuko dituzte etorkizunerako, eta egitasmoaren bideragarritasuna ere aztertuko dute. Hala ere, badute berrikuntza nagusi bat prestatuta herritarren erosotasunerako: Paygold bidez ordaintzeko aukera etxez etxeko banaketetan. Egungo osasun krisiak gogor jo du herria, eta azpeitiar ugari dago etxean konfinatua, eta horientzat ordainketa sistema berria da Paygold, kontsignakoez gain. Sistema horrek, SMS bidez bidaltzen diren ordainketa-eskabideak sortzen ditu. Esteka batek pasabide seguru batera bideratzen du eroslea, eta bertan egiten da ordainketa, txartelarekin. Saltokiko terminal birtual hau guztiz segurua, fidagarria eta azkarra da.

"Banatzaileak tinbrea jo eta atean utziko du erosketa, eta bezeroak, Paygold bidez ordainduko du. Hala, banatzailearekin harremanik izan gabe egin dezake erosketa", gaineratu du Usoak.