'Falling' filma emango dute Soreasun zapatuan eta astelehenean

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 29a, 07:45

20:00etan hasiko dira emanaldiak bi egunetan. Euskal Antzerki Topaketak tarteko, igandean ez da zine emanaldirik izango.

Falling da datozen egunetan Soreasu antzokian emango duten film bakarra. Gaur hasiko diren Euskal Antzerki Topaketak tarteko, zine eskaintza moldatu egin dute. Horrela, zapatuan eta astelehenean izango dira zine emanaldiak, eta 20:00etan hasita, bi egunetan.

Viggo Mortensen da Falling filmaren (Kanada, 2020) zuzendaria, eta Mortensenek berak jokatzen du filmeko rol nagusia. John Petersen (Viggo Mortensen) Erik bikotea (Terry Chen) eta alabarekin bizi da Kalifornia hegoaldean. Willis, Jonhen aitak, 80 urteko nekazari kontserbadoreak, aldi baterako Johnen etxera joatea erabakitzen du. Bi mundu desberdinen arteko talka eragingo du enkontruak. Agurearen izaera jostari bezain mingarriak arazoak eragingo ditu familian, eta iraganeko zauriak azalera ekarriko ditu.