Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusaren hedapenak ez du etenik

Julene Frantzesena 2020ko urr. 27a, 13:21

COVID-19aren hedapenak ez du etenik ez herrian, ez eskualdean, ez Hego Euskal Herrian. Atzo bederatzi positibo detektatu zituzten Azpeitian, herenegun baino bat gutxiago. Azken zazpi egunetan 130 positibo zenbatu dituzte herrian, eta 1.587,51 da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa.

Kutsatzeen kopurua gora egiten ari da egunez egun Azpeitian. Ez da salbuespena, ordea; izan ere, eskualdean, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian berbera da joera. Atzo gauzatutako PCR eta antigenoen probetan bederatzi positibo atzeman zituen Osasun Sailak herrian, aurreko egunean baino bat gutxiago. Azken zazpi egunetan 130 positibo zenbatu dituzte herrian, eta joan zen asteko astelehenetik kaleratutako datuen arabera, atzokoa izan zen zenbatu duten positibo kopururik baxuena.

Hala eta guztiz, intzidentzia tasa oso altua izaten segitzen du Azpeitiak: atzora arteko datuak kontuan hartuta, 1.587,51 da 100.000 biztanleko positibotasun tasa. Gorri kolorez jarraitzen du, beraz, Azpeitian, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herri gehientsuenen gisan.

50 positibo eskualdean

Urola Kostan ere gora egin du positiboen kopuruak, herenegungo datuekin alderatuz gero: atzo 50 positibo detektatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdean, eta herenegun 34. Positibo horietako gehienak Zumaian (hamalau), Zarautzen (hamar), Azpeitian eta Azkoitian (bederatzina) detektatu zituzten, eta gainerakoak, Zestoan (hiru), Errezilen (bi), Getarian (bi) eta Orion (bat). Aian, Aizarnabazalen eta Beizaman, berriz, ez dute kasurik zenbatu.

Azpeitiak ez ezik, Zumaiak eta Azkoitiak ere milatik gorako intzidentzia tasa daukate: Zumaiako tasa 1.679,39 da, eta Azkoitikoa 1.159,4. Zarautzen, berriz, gora egin du kutsatu kopuruak, eta Osakidetzak gaur kaleratu duen COVID-19aren inguruko txostenean kolore laranjarekin ageri da kostako herri hori. Dena den, 5.000 biztanletik behera baditu ere, azken bi astetako positibo kopurua tarteko, eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria Errezil da: 4.936,31.

Zumaian hamalau positibo atzeman zituen atzo Osasun Sailak, baina ez dute zehaztu horietatik zenbat detektatu zituzten Aitzuri pilotalekuan egiten ari diren baheketa selektiboan. Guztira, 13 eta 40 urte bitarteko hiru mila lagun inguru daude proba egitera deituta, eta atzo 900 lagunek erantzun zioten Osakidetzak egindako deialdiari. Bihar arratsaldera arte jarraituko dute probak gauzatzen frontoian.

Positiboek gora egin dute berriro

Hego Euskal Herrian ez du etenik COVID-19aren hedapenak. Eusko Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuek neurri berriak iragarri dituzte egunotan, baina berehalakoan ez da aldaketarik etorri. Izan ere, atzo 1.547 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian egindako PCR eta antigeno probetan –horietatik 978 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan–. 15.887 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta testa egin zuten herritarren %9,7k eman zuten positibo.

Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera, Bizkaian zenbatu zituzten kasu gehien: 457. Gipuzkoan, berriz, 413 detektatu zituzten, eta 86 Araban. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasa altuena izaten segitzen du Gipuzkoak, azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta. Izan ere, lurralde horretan, 100.000 biztanleko 765 pertsona kutsatu dira azken bi asteetan.

Atzo 71 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. Guztira, 405 pertsona daude lurralde horietako erietxeetan, eta horietatik 74 lagun daude ZIUn –herenegun baino bi gutxiago–. Nafarroako Gobernuak ez du atzoko ospitaleetako egoeraren gaineko daturik eman oraingoz.