Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu da Mikel Larrañaga

Andoni Elduaien 2020ko urr. 24a, 20:49

Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jokatu dute kanporaketa Lehen Mailako hamar aizkolarik, eta eguneko denbora onena eginda, azaroaren 29ko final handira sailkatu da aizkolari azpeitiarra.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako sailkapena lortu du gaur, larunbata, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Lehen Mailako hamar aizkolarik parte hartu dute arratsaldeko lehian. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatu ohi zuen Euskal Herriko Txapelketatik aldenduta, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketaren bidea hasi dute gaur, Zestoan. 

Larrañaga aizkolari azpeitiarraz gain, beste bederatzi herri kirolarik parte hartu dute kanporaketan: Eneko Otaño, Ruben Saralegi, Jon Rekondo, Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente, Jexux Mujika, Jon Irazu, Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa. Bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebaki behar izan dituzte aizkolariek Zestoan. 

Hiru txandatan banatuta aritu dira hamar aizkolariak. Lehen txandan aritu dira Aitzol Atutxa, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza. Atutxa izan da azkarrena, lanak 20 minutu eta segundo batean amaituta. Bigarren txandan, Iker Vicente nagusitu da kronoa 19 minutu eta 31 segundoan geldituta; nafarraren atzetik sailkatu diran Jon Irazu eta Jon Rekondo. Hirugarren eta azken txandan parte hartu du Mikel Larrañagak. Azpeitiarrak laukoteko  denbora onena egin du, eta baita egunekoa ere; 18 minutu eta 46 segundoan amaitu ditu lanak, eta 45 segundoko aldea atera dio Iker Vicente egungo txapeldunari.  Eneko Otaño beizamarrak amaitu ditu lanak bigarren postuan, hirugarren Alberdi azkoitiarrak eta laugarren postua lortu du Jesus Mujikak. Honako sei aizkolari hauek sailkatu dira azaroaren 29an Bilboko Bilbao Arenan 12:00etan jokatuko duten final nagusira:

  • Mikel Larrañaga (18 minutu eta 46 segundo)
  • Iker Vicente (19 minutu eta 31 segundo)
  • Eneko Otaño (19 minutu eta 45 segundo)
  • Julen Alberdi Txikia IV.a (19 minutu eta 51 segundo)
  • AItzol Atuxa (20 minutu eta segundo bat)
  • Jon Irazu (21 minutu eta segundo bat)

Finalerako sarrerak Aizkolari Txapelketa Nagusiaren webgunean jarriko dituzte salgai laster.