Ikertzailea eta ekintzaile transfeminista

Lucrecia Masson: "Gorputz lodiei lekua aitortzea ez da gizentasuna bultzatzea"

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 22a, 11:57
Lucrecia Masson. (Utzitakoa)

Emakumeen Txokoak antolatuta, Gorputz-patroiak eta lodi erresistentziak hitzaldia emango du Massonek (Ombucta, Argentina, 1981), gaur, Basazabalen, 18:30ean hasita.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Diziplina askotako ikertzailea naiz, eta ekintzaile antirrazista eta transfeminista. Gorputzarekin lotutako gaiak lantzen ditut deskolonizatzearen ikuspuntutik, izan gorputz disidentziak, izan gorputz lodiak, izan aniztasun funtzionaldun gorputzak, eta abar. Funtsean, ulertzen dut gorputza dela aktibatze politikorako erreminta.

Emakumeen Txokoak gonbidatuta, Gorputz-patroiak eta lodi erresistentziak hitzaldia emango duzu gaur, Basazabalen. Zertaz hitz egingo duzu solasaldian?

Zehazki, gorputz lodi bat izatearen dimentsioaz hitz egingo dut; nola kontrolatzen duen gure goputza arropen neurrien eta pisuaren sistemak, eta nola pentsa ditzakegun kolektiboki horri aurre egiteko erresistentziak. Aztertuko ditugu gorputz lodiek jasaten dituzten zapalkuntzen eta generoaren arteko harremanak, betiere ikuspuntu feministatik.

Gorputza eta haragia politizatzea eta kolektibizizatzea proposatzen du aktibismo lodiak.

Gure proposamena da haragia, gorputza, erdigunean jartzea, gorputza delako ekintza politikoa aktibatzen eta gauzatzen den lekua. Gorputz lodiaren espezifikotasunak ikustea nahi dugu, baina ez hori bakarrik: gorputz lodi bat ate bat bezala ikustea, eta hortik pentsatzen hasi ahal izatea gorputzaren normaltasuna zapalkuntzaren ardatz modura. Eta hori guztia modu kolektiboan, uste dugulako gorputzak kolektiboki eraikitzen direla. Goputza bakarra eta norberarena den ideia baztertu beharra daukagu. Aktibismo lodiak uste du goputz bakoitzak norbere haragiez eta haragitik pentsatu behar duela, baina, aldi berean, gorputz horiek harreman sare baten parte direla. Eta sare horren barruan, gorputz lodiek, beste hainbat gorputzek bezala, ez dute behar luketen lekurik. Lodi izatea akats gisa ikusten da, gainditu, aldatu eta egokitu beharreko zerbait izango balitz bezala, gorputzaren egoera oker bat izango balitz bezala, eta ideia hori irauli egin nahi dugu.

Nor nahiko zenuke hitzaldia entzutera joatea?

Denei irekitako hitzaldia izango da; beraz, ongietorria izango da herritar oro, baina, batez ere, nahiko nuke gazteak eta emakumeak etortzea.

Zergatik?

Oso garrantzitsua delako gazteek jakitea nola funtzionatzen duen neurrien eta pisuen sistema horrek –lodi zer den eta argal zer den erabakitzen duen sistemak– eta zenbaterainoko eragina izan dezakeen emakumeengan. Egia da sistema horrek bizitza guztian duela eragina, adin guztietako emakumeengan, baina horretaz kontziente izateak zenbaiti bizitza aldaraziko lioke.

Bizitza aldarazi, zer zentzutan?

Zure bizitza izan daiteke zoragarria, baina zure gorputza ez bada inposatutako eredu horretan sartzen, hori bihur daiteke zure bizitzaren erdigunea, zure obsesioa, eta izorratu diezazuke bizitza guztia. Aldiz, umetik emakumerako bilakaera gertatzen den urte horietan kontrol sistema horien funtzionamenduaren berri duten emakumeek beste oinarri batzuen gainean eraiki ahal izango dute beren gorputza.

Ildo horretatik, nerabeekin lanketa egiteak garrantzi berezia duela uste al duzu?

Funtsezkoa iruditzen zait gai horiek eskoletan lantzea, eta ez haurtzaroan bakarrik, baizik eta batxilergora arte. Gaur egun, oraindik ere, lodifobia da eskola jazarpen kasu askoren atzean dagoen arrazoietako bat, eta hori jasaten duen pertsonak pentsa zeren gainean eraikiko duen bere gorputza. Zure gorputza ikuspuntu ezkor eta oker batetik eraikitzea eragingo dizu horrek, beti beste gorputz batekin amestea, sekula izan ezingo duzun gorputz batekin. Eta sinetsi eta barnetatu behar dugun mezua oso bestelakoa: gorputz guztiak izan daitezkeela, neurri eta pisu guztietakoak, eta guztiek dutela izateko eskubidea, baita goputz lodiek ere.

Zer esango zenieke gizentasuna bultzatzen ari zaretela diotenei?

Esango nieke oso oker dabiltzala; guk ez dugu gizentasuna bultzatu nahi, ezta gutxiagorik ere, esaten duguna da neurri eta pisu guztietako gorputzek dutela existitzeko eskubidea, era guztietako gorputzak modu berean onartuak izan behar direla. Denok 50 kilo izan behar al ditugu? Ez, noski. Denok ehun kilo izan behar al ditugu? Ezta ere. Hain zuzen ere, horixe ari gara esaten, izan 50 kilo edo izan ehun, leku bera eman behar zaiela gorputz guztiei. Guk ez dugu nahi pisu ideala beste bat izatea; nahi dugu pisu idealik ez egotea.

Eta zer esango zenieke gorputz lodiak osasuntsuak ez direla diotenei?

Horrek ez daukala zertan horrela izan. Adibide bat jartzearren: denok dakigu erretzea oso kaltegarria dela, baina inork ez du erretzaile bat baztertzen eta zapaltzen erre egiten duelako, eta inor ez doakio azalpenak eskatzera edo lezioak ematera. Aldiz, ezarritako pisu ideala baino bost kilo gehiago dituen emakume bat denen ahotan ibiliko da bost kilo horiengatik, eta batak eta bestek esandakoak entzun beharko ditu.

Aktibismo lodia nahiko mugimendu berria da hemen. Urteekin ari al da indarra hartzen? Gehiago hitz egiten da orain?

Baietz esango nuke, pixkanaka ari dela indarra hartzen eta ari garela honetaz gehiago eta irekiago hitz egiten, nahiz eta oraindik lan handia dagoen egiteko. Bere gorputza akats modura ulertzen zuen edonorentzat ideia hau hasi da transformatzen, eta horiek has daitezke pentsatzen posible dela beren gorputzetan zoriontsu bizitzea. Niretzat ezinbestekoa da aliantzen ideia. Gorputz disidenteek, normaltasunaren bazterretan kokatzen dituztenek, proposamen politikoak sor ditzakete elkartuta, eta horretan ari gara.