Nikolas Aldai hil da, euskal kazetari eta bertsozalea

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 21a, 17:24
Nikolas Aldai artxiboko irudi batean. (Conny Beyreuther / Bertsolari aldizkaria)

Errezil eta Elosiaga arteko Artziola baserrian jaioa, Herri Irratian eta Euskadi Irratian aritua, bertsozale sutsua zen Aldai. 30 urtetik gora eman zituen Hitza jolas saioa zuzentzen, eta haren ahotsa ezaguna zen garai hartako euskal entzuleen artean.

Nikolas Aldai kazetaria hil da gaur, 73 urte zituela. Errezil eta Elosiaga arteko Artziola baserrian jaio zen Aldai, 1947. urtean, eta bertsolaritzaren eta kazetaritzaren munduan murgilduta eman zituen bizitzako urte gehienentsuenak. Hondarribian bizi zen egun.

Aldai 1970an hasi zen irratigintzan, Donostiako Herri Irratian. Ondoren, Deia egunkarian egin zuen lana, Iruñeko ordezkaritzan, baina 1982an Euskadi Irratia sortu zuten, eta han hasi zen lanean. 1988an hasi zen bertsolaritzari buruzko irratsaioak zuzentzen, eta Euskadi Irratiko bertso-irratsaioen arduraduna izan zen 1988tik aurrera. Hitza jolas saioaren zuzendaria izan zen 30 urte inguruz, eta haren kontuak ezagun zituzten sasoi hartako euskal entzuleek. Xabier Sukia oriotarrak hartu zuen haren lekukoa.

Euskadi Irratiko bertso-artxiboaren ardura ere izan zuen Aldaik. Bertsolaritzan sakondu zuen irratiak eman dion aukera baliatuz. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hitzetan, "bertsolaritza historikoa eta egungoaren adituetarikoa" izan zen Aldai.