Konfinamendu osteko lehen kontzertua emango du Julian Barrenetxea abesbatzak Donostian

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 20a, 08:23
Julian Barrenetxea abesbatza. (Julian Barrenetxea abesbatza)

Aita Donostia abesbatzaren Musika Astearen barruan kantatuko dute azpeitiarrek igandean, egitasmoaren antolatzaileekin batera, Kaputxinoen elizan, 20:30ean.

Hilabete luzeetako geldialdiaren ondoren, martxan dira berriro Julian Barrenetxea abesbatzako kideak. "Asmoz eta proiektuz betetako" urtea izan behar zen 2020a Azpeitiko ahots zurien abesbatzarentzat, baina koronabirusak udaberri hasieran ezarritako etena irailera arte luzatu zaie Barrenetxeakoei. Joan den hilean ekin zieten berriro entseguei eta asteburu honetan emango dute konfinamendu osteko lehen kontzertua, Donostian; emanaldi horretarako "egundoko gogoarekin"" daudela adierazi dute koruko kideek.

Kaputxinoen elizan emango du kontzertua Julian Barrenetxea abesbatzak igandean, 20:30ean hasita, Ignacio Arakistain organo-jotzaileak lagunduta. Aita Donostia abesbatzarekin batera ariko dira azpeitiarrak Donostiako kontzertuan, abesbatza horrek berak antolatutako Musika Astearen barruan. Jabier Alberdi da bi abesbatzen zuzendaria eta hark koordinatu du emanaldia. Pieza batzuk bakarrik eta beste batzuk Aita Donostia abesbatzarekin batera eskainiko ditu Julian Barrenetxeak igandeko kontzertuan.