Koronabirusa Azpeitian

Osasun Sailak 34 positibo atzeman ditu asteburuan Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 19a, 13:17
Azken egunetan Izarraitz pilotalekuan egin dituzte PCR probetako irudi bat.

Ostiraleko hamabi positiboez gain, zapatuan eta igandean beste 34 detektatu ditu Osakidetzak herrian. Dena den, ez dute zehaztu baheketako emaitzak zeintzuk diren. Hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasak gora egin du beste behin: 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena dauka Azpeitiak, 1.142,48.

Osakidetzak larunbat eguerdiarekin bukatu zuen Azpeitiko baheketa masiboa, baina oraindik ez ditu jakinarazi Izarraitz pilotalekuan gauzatutako probetan zenbat lagunek eman duten positibo. Ostegun eguerdian hasi zen Osasun Saila 17 eta 40 urte arteko herritarrei probak egiten, eta larunbatean bukatu zituen.

Osteguna eta larunbata artean, orotara, 59 positibo –ostegunean 27, ostiralean hamabi, zapatuan hogei eta igandean hamalau– zenbatu dituzte Azpeitian, baina ez dute zehaztu horietako zenbat diren anbulatorioan, Zumarragako ospitalean eta Izarraitz pilotalekuan egindako proben emaitzak.

Hamalau eguneko positibo kopuru metatuaren tasak gora egin du beste behin: 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuena dauka Azpeitiak, 1.142,48. Azkoitiari aurre hartu dio, beraz, zenbateko horretan –1.101,01 da Azkoitikoa–. Tasa horiek tarteko, ikusteko dago Osasun Sailak neurririk hartuko al duen eskualdeko bi herri horietan.

PCR probek orain arteko daturik txarrena utzi dute asteburuan Urola Kostan. Izan ere, ostiraleko 50 positiboez gain, zapatuan eta igandean beste 85 positibo detektatu zituen Osasun Sailak eskualdean. Honako hauek dira azken bi egunetako datuak: Azpeitian 34 positibo, Zumaian 23, Azkoitian 11, Zarautzen bederatzi, Zestoan zortzi, Errezilen zazpi, Getarian bi eta Orion bat.

Bestalde, aipatzekoak dira Errezilen eta Zumaian detektatu dituzten positibo kopuruak ere: zazpi eta 23, hurrenez hurren. Errezilgo bizilagunak Azpeitiko osasun eremuan sartzen dira, eta baliteke baheketan parte hartu izana, eta horrek eragin izana igoeran. Zumaian, berriz, orain arteko positibo kopuru altuena zapatuan atzeman zuten: hogei.

Gipuzkoako tasari begira

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.838 PCR proba gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta 657 positibo atzeman zituen. Hau da, proba gauzatu zuten herritarren %8,4k eman zuten positibo atzokoan. Gipuzkoan herenegun baino kasu gutxiago detektatu zituzten –275 lagunek eman zuten positibo–, baina hamalau eguneko positibo metatuen kopuruak gora egin du: 479,37era iritsi da. Espainiako Gobernuak konfinamenduaren gisako neurriak hartzeko ezarritako 100.000 biztanleko 500 positiboko tasatik gertu da, beraz, Gipuzkoa oraintsu.

Bizkaian eta Araban baxuagoa da tasa horren zenbatekoa, baina atzokoan Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 313. Araban, berriz, 59 positibo zenbatu zituzten atzo. Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko tasa 360,74 da. Hau da, 100.000 biztanleko 360,74 lagunek eman dute positibo azken hamalau egunetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, puntuaren gainetik dago azken astebetean: 1,26 da orain.

Atzo 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietan 300 lagun daude erietxeratuta gaur egun –herengun baino hamabost gehiago–. ZIUn diren pertsonen kopuruak ere gora egin du herenegundik: zapatuan 52 ziren, eta 55 atzo.

Nafarroako Osasun Institutuak ere eman ditu datuak. 2.719 PCR proba egin ziren atzo, eta horietatik 488 positibo eman ziren, egindako proben %17,1. Bi lagun hil ziren atzo Nafarroan. Ospitaleratuak 296 dira –bezperan baino 14 gehiago–; horietatik 36 daude Zainketa Intentsiboko Unitatean.