Koronabirusa Azpeitian

Ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari direnak deitu ditu "bereziki" alkateak baheketan parte hartzera

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 15a, 19:17
Ana Errasti anbulatorioko arduraduna eta Nagore Alkorta alkatea, Izarraitzen. (Azpeitiko Udala)

Nagore Alkorta "kezkatuta" agertu da azken egunetan koronabirusaren hedatzeak herrian utzi dituen datuekin. "Ikusi egin behar da zer emaitza ematen dituen baheketak. Horren arabera hartuko ditugu erabakiak, Osasun Sailarekin elkarlnanean", adierazi du.

Nagore Alkorta alkatea "kezkatuta" agertu da gaur, beste behin, azken egunetan koronabirusaren hedatzeak herrian utzi dituen datuekin. Izarraitz pilotalekuan izan da Alkorta arratsaldean; eguerdian hasita han egiten ari diren PCR bidezko baheketa selektiboan lanean ari direnekin eta komunikabideekin hitz egin du han.

Oraingoz, proben emaitzen zain egongo direla adierazi du alkateak, eta horien arabera neurriak hartzea ez du baztertu: "Badakigu herritarrak kezkatuta daudela, gu ere hala gaude, baina ikusi egin behar da zer emaitza ematen dituen baheketak. Horren arabera hartuko ditugu erabakiak, Osasun Sailarekin elkarlnanean".

Baheketaren ardura duten Osakidetzaren ordezkariak kanpainaren lehen orduetan herritarrak izaten ari diren erantzunarekin "gustura" daudela esan du Alkortak. 17 eta 40 urte arteko azpeitiar guztiak daude deituta gaurtik zapatura baheketa selektiboan parte hartzera, baina alkateak "bereziki" dei egin nahi izan die herriko ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari direnei, baheketan parte har dezaten.

Esker oneko hitzak izan ditu Azpeitiko alkateak egunotan "goizean hasi eta gaueraino" lanean ari diren osasungintza publikoko langileei, "herria babesteko eta zaintzeko duten dedikazioarengatik eta ardurarengatik".