"Zokoratutako" testua, antzezlan

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 15a, 10:16

'Kale b(a)rroka-1620 Nafarroako Lo(r)aldia' antzezlana emango dute larunbatean Azpeitian, Urolako Nafar Zuzterrak taldeak antolatuta. 1620. urteko gertakari bat du abiapuntu lanak. 

Duela 400 urte, 1620an, Euskal Herriaren historian mugarri izan den zerbait gertatu zen: Frantziak lege bat egin zuen Nafarroa estatu horretara batzeko, eta lege horren kontra, Nafarroako parlamentari buruak testu bat osatu zuen. Dena den, Asisko Urmeneta historialariaren arabera, gertakari hori ez da hain ezaguna; "zokoratua" izan da. "Beti gauza bera herri honetan". Horregatik, idatzi horren ezagutza eta transmisioa bermatu nahian, testua egokitu eta Kale b(a)rroka-1620 Nafarroako Lo(r)aldia antzezlana sortu du. Azpeitian emango dute larunbatean, 19:00etan hasita. Perez Arregi plazatik abiatuko da taldea, eta Erdikalean gora joango dira jendea animatzen; ondoren, Sanagustin kulturgunean eskainiko dute ikuskizuna.

Urmenetaren arabera, "ikaragarria" da testu horrek jasotzen duena. "Testu oso politikoa da: herri soberano bateko parlamentuko buruak egindako idatzia da, esateko Frantziak Nafarroarekin egin nahi zuena ez zela legala. Nafarroa independentea zen garai horretan, eta Frantziari batuz gero, probintzia huts bilakatuko zen. Horregatik da testua horren handia; orduan galdu genuen euskal herritarrok independentzia. Dena den, kanpoko eraso bati erantzunez, euskal herritarron eta independentziaren defentsa egiten du testuak".

Bost partaide ditu obrak: Mixel Etxekopar, Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga, Xanmari Irigoien eta Urmeneta bera. Etxekopar musika barrokoan "espezialista" da, eta hura da antzezlaneko musikaria. Urmenetak, berriz, obra testuinguruan kokatzeko ardura du: "Antzezlanaren hasieran eta bukaeran solasaldi bana eskainiko dut, jendeak testua zertan datzan jakin dezan. Emanaldiaren ondoren, orduz geroztik zer gertatu zen kontatuko dut, azalpen historiko bat eginez". Bestalde, aktore lanetan ariko dira gainontzeko hiru partaideak.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.