Koronabirusa Azpeitian

PCR bidezko baheketa selektiboa egingo dute Azpeitian ostegunetik aurrera

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 13a, 17:05
Abuztuko agerraldian Betharramen egin zituzten PCR-ak. Oraindik ez dute jakinarazi ostegunetik aurrera non egingo dituzten. (Julene Frantzesena)

17 eta 40 urte arteko herritarrei dei egin die Osakidetzak. Birusaren intzidentzia tasa eta bilakaera aztertu ondoren hartu dute Azpeitian baheketa egiteko erabakia. Zumarragako Ospitaleko eta Azpeitiko osasun etxeko arduradunek bihar goizean egingo duten bileran zehaztuko dituzte xehetasun guztiak, Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez.

Aurreko astean Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan egindakoen ondotik —Gasteizen aste honetan jarraitzen dute probak egiten—, Azpeitian egingo du Osakidetzak SARS-CoV-2 birusa detektatzeko eta bere hedapena mugatzeko PCR bidezko hirugarren baheketa selektiboa.

Ignacio Garitano Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako programaren koordinatzaileak eman du albistea. Garitanok azaldu duenez, birusaren intzidentzia tasa eta bilakaera aztertu ondoren hartu dute Azpeitian ere baheketa selektiboa egiteko erabakia. Osakidetzak gaur plazaratu duen txostenaren arabera, 42 positibo atzeman dituzte herrian azken lau egunetan eta nabarmen egin du gora 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen tasak: joan den ostegunean 524,74koa zen tasa hori, eta orain 763,87koa da. Hain zuzen ere, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean bigarren tasa handiena duena da Azpeitia, Azkoitiaren atzetik (984,24). Positiboen gorakadaren isla erakusten du I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere: 1,89raino igo da.

Xehetasunak, bihar

Azpeitian 17 eta 40 arteko herritarrak deituko dituzte PCR-ak egitera, Garitanok aurreratu duenez. Probak non, zenbat egunez edota zer ordutegirekin egingo dituzten ez du zehaztu, eta esan du xehetasun guztiak datozen orduetan jakinaraziko dituztela.

Horren harira, Nagore Alkorta alkateak esan du Zumarragako Ospitaleko arduradunaren deia jaso duela arratsaldean, Azpeitian egin nahi duten baheketaren berri emanez, baina horrez gain "informazio ofizialik ez" duela, momentuz, udalak. Baheketan parte hartzera gonbidatuko dituzten herritarrak zein adin tartekoak izango diren ere ez diotela zehaztu esan du Alkortak: "Bihar goizean Zumarragako eta Azpeitiko osasun etxeko arduradunek bilera egingo dutela esan dit, eta bilera horretan erabakiko dituztela bai adin tartea, bai beharko duten espazioa, eta orduan informatuko gaituztela, guk dauzkagun baliabideak haien eskura jartzeko".

Alkateak onartu du azken asteko "gorakada" dela-eta "kezkatuta" dagoela udala. Goraka horren arrazoiak edo balizko iturriak ez dakizkitela esan du Alkortak, baina gaineratu du udalak prestatutasun osoa duela Osakidetzarekin kolaboratzeko: "Orain arte harreman oso ona izan dugu Osasun Sailarekin, koordinatuta gaude. Uste dugu erabakitzen dutena ondo egongo dela eta prest gaude erabakitzen duten hori aurrera eramateko guri dagozkigun bitarteko denak jartzeko".