Koronabirusa Azpeitian

Beste zazpi positibo atzeman dituzte Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 9a, 13:48

Aurreko ostegunetik atzora bitartean 51 positibo detektatu dituzte herrian. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen tasak nabarmen egin du gora azken egunetan; izan ere, 524,74 da orain. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin duten herritarren %4,82k eman du positibo.

Azpeitian beste zazpi positibo atzeman zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Egunero-egunero ari dira osasun langileak PCR probak gauzatzen anbulatorioaren ondoan muntatuta dagoen karpan, eta azken zazpi egunetan kasu ugari positibo ugari atzeman dituzte. Hain zuzen ere, aurreko ostegunetik atzora bitartean 51 positibo detektatu dituzte herrian. 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen tasak nabarmen egin du gora azken egunetan; izan ere, 524,74 da orain zenbateko hori. Intzidentzia tasak ere gora egin du.

Urola Kostan, berriz, atzo baino kasu gutxiago hauteman ditu Osakidetzak azken orduetan: 28 kasu. Atzoko positibo gehienak Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian zenbatu zituen Osasun Sailak; hiru herrietan zazpina kasu. Azkoitian, berriz, sei kasu atzeman ditu eta bat Errezilen. Eskualdeko beste herrietan ez dute kasurik detektatu. Azkoitiko positibo kopuruaren jaitsiera aipatzekoa da; izan ere, herenegun 23 positibo atzeman zituzten han, eta atzo sei. Osasun Sailak baheketa selektiboa jarri du martxan han, positibo kopurua geldiarazteko asmoz, eta asteazkenaz geroztik ehunka herritar ari dira PCR probak egiten Gurea pilotalekuan.

Hego Euskal Herriko egoera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, eta guztira, 458 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zuten herritarren %4,82k eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dituzte positibo gehien: 198 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 191 detekatu ditu Osakidetzak, eta 61 Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi lagunek ere eman dute positibo proban.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 237 pertsona daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Atzo beste 37 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 1,04koa da.

Nafarroan, azkenik, 449 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak; ekainetik hona egun bakar batean hautemandako kopuru handiena da hori. 3.208 PCR proba egin zituzten Nafarroan, eta beraz, proba egindakoen ia %14ak eman du positibo. Erietxeetan, bestalde, 259 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 30 ZIUn. Halaber, beste lau heriotza ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.