Irudi bat, hamaika begirada

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 10a, 10:31
Ikusle Taldearen lehen saioko irudi bat. (Kulturaz)

Joan zen astean hasi zen martxan Azpeitiko Ikusle Taldea. Irudiak aztertzeko eta horiez hausnartzeko xedez sortu dute taldea Dinamoa sormen gunearen sustatzaileek. Egitasmo berriaz erreportajea egin du Gipuzkoako Hitzak.

Irakurle taldeetan liburuak eta zine-klubetan filmak nola, irudiak aztertzeko eta haien inguruan hausnartzeko espazioen beharraz ohartuta zeuden Azpeitiko Dinamoa sormen gunearen sustatzaileak, eta joan den astean abiarazi zuten hutsune hori betetzera datorren egitasmoa: Ikusle Taldea.

Dinamoko jarduna lau eremutan bereizten dute –hitza, irudia, soinua eta gorputza–, eta irudiaren eremuko egitasmoa da martxan jarri berri dutena. "Hasieratik garbi geneukan lan egin behar genuela irudiak sortzeko, baina, sortzearekin batera, hartu behar genuela tarte bat sortze prozesu hori bera aztertzeko eta horri buruz hausnartzeko", azaldu du Dinamoko kide eta egitasmoaren sustatzaile taldeko Xabier Gantzarainek. Eta hori da Ikusle Taldean egingo dutena: irudi bat hartu eta haren inguruan jardun. "Prozesu hori geldotu, gelditu ahal baldin bada, eta kontzientzia hartu prozesu horri buruz: irudi batek zer kontatzen duen, nola kontatzen duen, nola jaten ditugun irudi horiek, horrek zer eragin duen gugan, eta abar".

Irudi bat izan daiteke artelan bat, egunkari edo liburu baten azala, Instagrameko argazki bat, marrazki bat, GIF bat, meme bat, film baten aurrerapena edo iragarki bat. "Denak dira irudiak, norbaitek, nolabait, noizbait, nonbait eta zerbaitetarako sortutakoak. Baina, sortzailearen intentzioa edozein izanik ere, ikusle bakoitzak bere lekutik begiratuko die irudi horiei, eta bere erara irentsiko ditu". Eta, hain zuzen ere, horixe da interesgarriena, Gantzarainen iritziz, eta horretarakoxe sortu dute Ikusle Taldea Dinamoan: "Hausnarketa horiek partekatzeko eta taldean hitz egiteko irudiari buruz, baina ez bakarrik proposatzen dugun irudi horri buruz, irudi batetik abiatuta beste gauza askotaz hitz egiten baita".

Erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.