Ibaieder eta Errezil erreka garbituko ditu udalak

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 2a, 16:15

Udalak azaldu duenez, aurten "ez da posible izan" ikasleek egin ohi duten ibai garbiketa antolatzea. Hori dela eta, erakundeak bere gain hartu du ibaia "sakon" garbitzeko ardura. Horrez gain, ibaia plastikoez eta bestelako hondakinez babesteko burdin sareak jarriko ditu herriko hainbat txokotan. 

Azken urteotan, "ibaiari eta bere inguruari balioa emateko eta babesteko" hainbat neurri hartu ditu Azpeitiko Udalak. Orain, Urola ibaiarekin elkartzen diren Errezil erreka eta Ibaieder garbituko ditu. Uneotan, Urola eta Ibaieder hondakinetatik babesteko burdin-sareak jartzen ari da udala.

Azken urteetan, herriko ikastetxeetako ikasleek eta boluntarioek egin izan dute Urola ibaiaren garbiketa, sentsibilizazio ekintza gisa. Modu horretan, urtero Sanjuandegitik Madalena auzora arteko zatia garbitu dute ikasleek. Aurten, ordea, ez dute garbiketarik egingo. Udalak azaldu duenez, "ez da posible izan" ibai garbiketa antolatzea. Hori dela eta, erakundeak bere gain hartu du ibaia garbitzeko ardura. Udalak ibaiaren garbiketa "sakona" egitea erabaki du. “Ibaia garbiago izateko lanketa egiten ari gara herritar talde batekin, eta Errezilen eta Ibaiederren garbiketa sakona egitea ekintza egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun”, azaldu du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak.

Txukun lorezaintza enpresaren bidez garbituko dituzte Ibaieder eta Errezil erreka datozen asteetan. Guztira, 15.543 euroko aurrekontua dute lanek, eta urriaren bukaerarako amaituta izatea aurreikusten du udalak. “Datozen egunetan hasiko dira garbiketa egiten. Lanen martxa erabat lotuta dago eguraldiarekin; izan ere, euriarekin ibaiak gora egiten badu garbiketak gelditu egingo dira”, gaineratu du Bereziartuak.

2019.urtearen bukaeran, herritar talde baten eskariz, baranda duten ibaiaren ertzak babesteko burdinezko sareta jartzeari ekin zion udalak. Hartutako neurria "eraginkorra" dela adierazi du Bereziartuak: “Sarexkak kaleko hondakinak ibaian ez bukatzeko neurri eraginkorra direla ikusi dugu. Orain Urrestillan jarriko ditugu, eta Azpeitian falta den zatia ere datozen hilabeteotan egingo dugu. Lanak amaitutakoan, guztia, 1.028 metro sareta jarrita izango ditugu”. Dena den, ibaia eta ingurumena babesteko "neurri eraginkorrena" bakoitzak bere hondakinekin "arduraz" jokatzea dela azpimarratu du zinegotziak.