Jakinmina sortu zuen Asier Arregi geobiologoaren hitzaldiak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 2a, 10:12

Dozenaka herritar bertaratu ziren atzo arratsaldean Frontoi Txikira, Osasuna eta elektromagnetismoa hitzaldia entzutera. Besteak beste, 5G teknologiaz eta horrek herritarren osasunean dituen ondorioz mintzatu zen eibartarra.

Herritarren artean jakinmina sortu zuen Osasuna eta elektromagnetismoa izenburupean Asier Arregi geobiologoa ematekoa zen hitzaldiak, eta dozenaka izan ziren atzo arratsaldean hura entzutera Frontoi Txikira joan zirenak. Hain zuzen ere, 5G teknologia eta eremu elektromagnetikoak izan zituen hizpide eibartarrak; horien eraginpean egoteak herritarren osasunean dituen ondorioei buruz aritu zen, eta egunerokoan horien eragina duten espozisioak saihesteko edo ahalik eta txikienak izateko gomendioak eman zizkien hitzaldia entzutera bertaratu ziren herritarrei. Hitzaldiaren antolatzaileek, berriz, informazioa eskatu zioten udalari; besteak beste, herritarrei azaldu diezaiela 5G teknologiaren inguruan zer asmo dituen eta hori ezartzeko prozesua zer egoeratan aurkitzen den.