Arana eta Arana Goikoa arteko igogailuaren proiektua gauzatzeko prozesua hasiko du udalak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 1a, 14:44
Atzoko bilerako irudi bat. (Azpeitiko Udala)

Igogailua Arana Goikoarako maldaren hasieran kokatzea aurreikusten du udalak, eta bi solairu izango ditu. Atzo egin zuten bilera auzotarren eta udal ordezkariek, eta udalak azaldu duenez, herritarrek "begi onez" jo zuten proiektua. Hurrengo udalbatzarrean kreditu aldaketa bat egin eta igogailua egiteko izapideak hasiko ditu erakundeak.

Arana eta Arana Goikoa auzoetako bizilagunekin bilera egin zuten atzo Josu Labaka zinegotziak eta Arturo Rivas Azpeitiko Udaleko arkitektuak. Hain zuzen ere, bi ordezkari horiek Arana eta Arana Goikoa lotuko dituen igogailuaren proiektua azaldu zieten auzotarrei. 

Igogailua Arana Goikoarako maldaren hasieran kokatzea aurreikusten du udalak, eta bi solairu izango ditu. Bigarren solairuan auzoaren goialdera joateko pasagunea eraikiko dute. Eta, era berean, auzoko azken etxeetara arteko igarobidea egokituko dute.

Udalak jakinarazi duenez, auzotarrak "gustura" agertu ziren proiektuaren nondik norakoekin, eta erakundeak proiektua martxan jartzeko prozesua eta izapideak hasiko ditu: "Kreditu aldaketa egingo dugu datorren udalbatzarrean, eta obren lehiaketa publikoa egin beharko da gero. Ondo bidean, 2021eko udaberri alderako hasiko dira obrak, eta urte hori bukatzerako abian beharko luke igogailuak, azaldu du Josu Labaka zinegotziak.

Honako hauek proiektuaren bi irudi dira:

Anbulatorioko zubiaren obrak, aurrera

Atzoko bileran anbulatoriko zubiaren malda ere izan zuten hizpide; izan ere, Aranarako eta Arana Goikoarako igarobidea da zubi hori, eta haren eta inguruaren irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko obren lehen fasea bukatzear da. Malda handia duen eta herritar ugari pasatzen den zubia da anbulatorioaren ondoan dagoena, eta udalak malda leuntzeko obrak hasita ditu dagoeneko.

Hain zuzen ere aldaketak egingo ditu bertan; izan ere, erakundeak azaldu duenez, inguru horren uholde arriskua handia da, eta Gipuzkoako Urakek ez du zubian aldaketak egiteko baimenik ematen, hau da, zubiaren oinarriak ukitu gabe egin behar dira moldaketak.