Asfaltatze eta konpoketa lanak egingo dituzte datozen asteetan herriko hainbat txokotan

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 30a, 15:25

Besteak beste, Nuarben, Lasaon, Antzibarrenako poligonoan eta Arretxe kalean egingo ditu udalak asfaltatze lanak. Hilabete barru obrak amaituta izatea aurreikusten dute. Lanek irauten duten bitartean, trafikoan "unean uneko neurriak eta aldaketak" egingo dituztela aurreratu du udalak.

Azpeitiko Udala herriko hainbat txokotako errepideak konpontzen eta asfaltatzen hasiko da bihar. Urtez urte, "kaltetuen" dauden errepide zatiak asfaltatu ohi ditu udalak; aurten, besteak beste, Nuarben, Lasaon eta Landetan egingo dituzte konponketak.  

Bihar, urriak 1, hasiko dira asfaltatze lanekin Landetan, Antzibarrenako poligonoan, hain zuzen. Antzibarrenan ez ezik, Landeta etorbidean, Arretxe kalean, Nuarbe erdigunean nahiz zerrategirako bidean eta Lasaon egingo dituzte errepideak txukuntzeko obrak. Udalak jakinarazi duenez, kalearen edo auzoaren egoeraren araberako lanak egingo dituzte. Beraz, zenbait lekutan kale osoa asfaltatuko dute, eta besteetan errepide zati bat. Lanek irauten duten bitartean, trafikoan "unean uneko neurriak eta aldaketak" egingo dituztela aurreratu du udalak. 

Obrek, "eguraldiak laguntzen badu", hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten du udalak. Asfaltia enpresari esleitu dizkiote obrak, eta lanek 143.947,40 euroko aurrekontua dute.