Koronabirusa Azpeitian

Lau positibo atzeman dituzte Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko ira. 30a, 13:23

Azken zazpi egunetan hamasei positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian, eta gaur-gaurkoz, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa 292,26 da. Urola Kostan zenbatutako positibo kopuruak ere gora egin du: 21 kasu atzeman dituzte. Atzo egindako probetan herritarren %4,4k eman zuen positibo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Herenegun positiborik ez, baina atzokoan lau. Osasun Sailak positibo kopuru hori atzeman zuen atzo Azpeitian gauzatutako PCR-etan, nahiz eta herriz herri zenbat proba egiten dituzten ez duen jakinarazten. Azken zazpi egunetan hamasei positibo zenbatu dituzte herrian, eta gaur-gaurkoz, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa 292,26 da.

Urola Kostan zenbatutako positibo kopuruak ere beheranzko joera izan du asteburuaz geroztik, baina Osakidetzak kaleratu dituen atzoko datuen arabera, aldatu egin da norabidea. Izan ere, herenegun zazpi positibo atzeman zituzten eskualdeko herrietan, eta atzo 21. Azken orduetan Orion sei positibo, Azkoitian bost, Zarautzen eta Azpeitian launa eta Zestoan bi detektatu dituzte.

Aipatzekoa da 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuan hiru herritan izan den igoera: Zestoan, 1.278 da tasa (hemezazpi kasu azken zazpi egunetan); Azkoitian, 650,6 (azken zazpi egunetan 33 kasu); eta Orion, 610 (hamabost kasu azken zazpi egunetan). Eskualdeko gainerako herrietan 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatuak ez du 500eko langa gainditu, eta badira zazpi egunetan kasu positibo bakar bat ere atzeman ez duten herriak: Aizarnazabal, Beizama eta Errezil.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 432 kasu positibo detektatu dituzte –herenegun 285–. Dena den, egun horietan egindako PCR proba kopuruan ere bada aldea; hain zuzen, 7.373 proba gauzatu zituen Osakidetzak herenegun, eta 9.741 atzo. Hain zuzen ere, atzo egindako probetan herritarren %4,4k eman zuen positibo. Herenegun, berriz, abuztuaren 10az geroztik Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan zenbatu den positibo kopuru baxuena izan zen: %3,8.

Atzo ere Bizkaian atzeman zituzten kasu positibo gehien; guztira, 198 zenbatu zituzten. Gipuzkoan, berriz, 138 detektatu zituzten, eta Araban 83. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru lagunek ere eman zuten positibo PCR probetan. Atzo, 33 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko, 256 lagun daude erietxeetan. Ospitaleratuen kopurua jaitsi egin da; izan ere, herenegun 265 lagun zeuden erietxeetan. Bestalde, ZIUn herenegun baino pertsona bat gehiago dago atzotik: 56, guztira. RO indizeak gora egin du azken orduetan, 0,96ra iritsi baita –joan zen ostiralean 0,88 zen–.