Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian atzemandako kasu positiboen kopuruak nabarmen egin du behera asteburuan

Julene Frantzesena 2020ko ira. 28a, 13:21

Aurreko asteburuan hamahiru kasu zenbatu zituen, eta sei oraingoan. Urola Kostan ere behera egin dute atzemandako positiboek. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen tasa kontuan hartuz gero, 112,92koa da tasa herrian.

Asteburu honetan aurrekoan baino emaitza hobeak utzi dituzte Urola Kostan egindako PCR probek, baita Azpeitian ere. Izan ere, PCR probetan 48 lagunek eman dute positibo ostiraletik igandera bitartean eskualdean, eta aurreko asteburuan 90 positibo zenbatu zituzten. Azpeitian ere antzekoa izan da joera: sei kasu atzeman dituzte asteburu honetan, eta hamahiru aurrekoan. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen tasa kontuan hartuz gero, 112,92koa da tasa herrian.

Azken hiru egunetan positibo gehien atzeman dituzten Urola Kostako herria Azkoitia da: hamabost kasu detektatu ditu han Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Zarautz da zerrendan hurrengoa, hamabi kasu detektatu baitira kostako herri horretan. Zestoa kezka iturri izan zen joan zen astean, eta egoerak hobera egin badu ere, positibo gehiago zenbatu dituzte azken egunetan. Ostirala eta atzo artean, guztira, sei kasu zenbatu ditu Osakidetzak Zestoan. Orion eta Zumaian, berriz, lau positibo zenbatu dituzte, eta Getarian bat.

Kasuek behera

Ostirala eta atzo artean, Osakidetzak 24.986 PCR proba gauzatu zituten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 1.231 positibo atzeman ditu. Hau da, proba egin duten herritarren %4,9k eman du positibo asteburuan. Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Bizkaian zenbatu dituzte positiboen erdiak baino gehiago –630–, Gipuzkoan 310 eta 258 Araban. Aldiz, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 33 lagunek ere eman dute positibo. Ostiraletik igandera zertxobait igo da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –birsorkuntza tasa–; izan ere, ostiralean 0,88 zen, eta atzo 0,92.

Gaur-gaurkoz, 273 lagun daude ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 55 lagun daude ZIUn. Asteburuan, orotara, 71 lagun erietxeratu zituzten.