Arrakasta izan du Moriako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketak

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 26a, 13:00

Moriako kanpalekuetako errefuxiatuei laguntzeko helburuarekin, janari bilketa egin dute gaur herriko lau saltokitan. Lanean ari ziren boluntarioek nabarmendu dutenez, herritarrak "oso eskuzabal" agertu dira.

Greziako Lesbos uharteko Moriako kanpalekuetako errefuxiatuak bizitzen ari diren egoera larriaren aurrean, elkartasunak zenbat ahal duen ikusi da gaur Azpeitian. Izan ere, Larrialdi egoerari, tamainako erantzuna lelo hartuta, "janari bilketa erraldoia" antolatu du Zaporeak elkarteak Euskal Herri osoan zehar Moriako errefuxiatuei laguntzeko. Azpeitian ere egin dute janari bilketa, herriko lau saltokitan: hain zuzen ere, Elikagunean, Sanjuandegiko nahiz Juan XXIII-eko Eroskin eta eta BMn egin dute bilketa, 09:00etatik 15:00etara bitartean.

BM saltokian lanean ari ziren boluntarioek azaldu dutenez, jendea "oso eskuzabal" agertu da, eta "kaxa ugari" bete dituzte elikagaiz. Sanjuandegiko Eroskiko boluntarioek ere gauza bera nabarmendu dute; gainera, haiek azaldu dutenez, Beizaman ere egin dute janari bilketa, eta handik "lau poltsa" ekarri dituzte elikagaiz beteta Sanjuandegiko Eroskira.

Zaporeakek honako elikagai hauek bildu ditu Moriako errefuxiatuei bidaltzeko: arroz luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espeziak (kuminoa, currya, piperbeltza eta piperbeltz zuria), esne hautsa eta barra energetikoak.