Geldialdiaren ostean, ireki dute tenis ikastaroetan izena emateko epea

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 26a, 10:14

Urriaren 5etik ekainaren 21era bitartean eskainiko dituzte ikastaroak, astelehenetik ostiralera, udal kiroldegiko instalazioetan. Ikastaroak adin eta maila guztietako pertsonei zuzenduta daude. 

Hilabete ugari pasatu dira koronabirusaren ondorioz Kirol Patronatuaren eskaintzaren barruko tenis ikastaroak bertan behera utzi zituztenetik. Orain, erakundeen baimenak jasota, berriro ekingo diote tenis ikastaroei. Urriaren 5ean hasiko dira saioekin, eta ekainaren 21 inguruan amaituko dute ikastaroa. Saioak astelehenetik ostiralera eskainiko dituzte, Azpeitiko udal kiroldegiko tenis pistetan. Dagoeneko ireki dute izen-ematea.

Ikastaroak adin guztietako eta maila guztietako pertsonei zuzenduta daude, eta taldeak mailaren eta adinaren arabera banatuko dira: Txiki-tenis –4 urtetik aurrerako gaztetxoentzat–, Hastapena, Hobekuntza, Lehiaketa eta Nagusiak taldeetan, hain zuzen.

Tenis ikastaroetan izena eman nahi dutenek 606-34 16 08 (Joni) eta 685-76 18 63 (Iñaki) telefono zenbakietara deituta edo tenis.sustraia@hotmail.com helbidera mezu bat idatzita egin dezakete tenis ikastaroetan parte hartzeko izen-ematea.