Metalgintzako langileek auto karabana egingo dute bihar

Lan hitzarmen duinaren alde, metalgintzako langileek Azpeitian atera zuten argazkia. (LAB sindikatua)

LAB sindikatuak deitu ditu mobilizatzera, metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan Adegiri presioa egiteko bide bakarra hori dela iritzita. Bihar Arroatik Azkoitira egingo dute auto karabana; 10:00etan abiatuko dira eta Azkoitiara 12:00ak aldera ailegatzea aurreikusten dute, bidean Azpeititik pasata.

Udako etenaren ostean, sindikatuek eta Adegi patronalak irailaren 5ean ekin zioten berriro Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan hitzarmena negoziatzeari, baina oraingoz, ez dute euren jarrerak hurbiltzerik lortu. Hori dela eta, ostiralean egitekoak diren bileraren atarian —seigarrena izango da—, langileei mobilizatzeko deia egin die LAB sindikatuak, "oso argi" baitu Adegik bere proposamenak hobetu ditzan beharrezkoa izango dela "langileak antolatzea eta aktibatzea". Eskualdez eskualde propaganda banatzen eta auto karabanak egiten ari dira egunotan, eta halaxe egingo dute Urola Kostan ere. Bihar, osteguna, 10:00etan abiatuko dira Arroako industriagunetik, eta herrigune eta industriaguneetatik barrena Azkoitiaraino joango dira, auto ilaran. Ostiralean, berriz, gauza bera egingo dute Oriotik Zumaiara. 

Honakoak dira LAB sindikatuaren aldarrikapen nagusiak metalgintzako langileentzat: soldata duinak, lanaldiaren murrizketa, lizentziak eta baimenak hobetzea, gazteen kontratuak hobetzea, azpikontratatutako langileentzat subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzea, aukera berdintasuna, errelebo kontratatua eta laneko bajetan %100a kobratzea. Sindikatuak emandako datuen arabera, "Gipuzkoako metalgintzako enpresek 840.762.000 euroko irabaziak izan zituzten 2018an, eta hala eta guztiez ere, patronala ez dago prest langileen lan baldintzak duintzeko".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide