Miel Anjel Elustondo: "Bizitzan ez dut ezagutu Abdon Gonzalez de Alaizaren parekorik"

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 23a, 11:00
(Argazkia: Maria E. C.)

Abdon Gonzalez de Alaizaren alfabetoa liburua argitaratu du Miel Anjel Elustondok (Azpeitia, 1958). Euskarazko lehen komiki aldizkariaren "sustatzaile beroena" izan zen Gonzalez de Alaiza, eta hark egindako lana ezagutarazteaz gain, hura omentzeko helburua ere badu lanak.

Abdon Gonzalez de Alaizaren Alfabetoa liburua argitaratu zenuen joan den uztailean, Arabako Foru Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren eskariz.

Arraia-Maeztuko [Araba] alkatearen asmoa izan zen, Anartz Gorrotxategirena. Batetik, kulturzalea da, eta, bestetik, berriz, udalerria aupatu nahi zuen. Bertako pertsonaia ezagunen bila zebilela, Juan Bautista Gamiz eta Abdon Gonzalez de Alaiza azaldu zitzaizkion. Gamiz XVIII. mendekoa da, milaka bertso edo olerki idatzi zituen, eta haietako dozena erdi bat, euskaraz. Garai hartako Arabako euskararen lekukotasuna ematen du, beraz. Eta, bide batez esanda, haren jatorrizko lanak Loiolako artxibategian gorde dituzte. Gamiz, hala ere, ikertuta dago, maila batean, behintzat, eta, aldiz, Alaiza ez.

Eta Gonzalez de Alaiza aztertzen hasi zineten…

Bai. Haren peskizan hasi zen Gorrotxategi; zenbait material bildu zuen, eta Arabako Foru Aldundira joan zen, zer edo zer argitaratzeko eske. Garai berean, Arabako euskararen historiaren inguruko lan bat aurkeztu nuen, eta Alaizarena ere egingo ote nuen esan zidaten. Aztertu nuen materiala, eta ikerketan hasi nintzen. Orain dela hiru urteko kontuak.

Txistu izeneko euskarazko lehen komikia izan duzu abiapuntu lan hori osatzeko... 

Itxura dagoenez, horixe zen Gonzalez de Alaizaren merezimendua, euskarazko lehen komikia sortzea. Eta hortik hasi nintzen, hari mutur horretatik. Gero, ordea, askoz ere gauza gehiago azaldu dira, oso gauza diferenteak, gainera, eta denak nola bildu ez nekiela, alfabetoa egitea bururatu zitzaidan, eta letra bakoitzean Gonzalez de Alaizaren gaineko berri jakingarriren bat idaztea. Jendeak irakurtzeko moduko lana egin nahi nuen, eta, liburuaren atalak letraz letra antolatuz, pentsatu nuen erraz eta jakin-minez irakurriko duela irakurtzen duenak, eta nik ere ez nuen modu hoberik izan informazio diferente hura txukun antzean idazteko.

Nolatan aurkitu dute Txisturen bilduma? 

Unibertsitateko irakasle baten lana aipatu behar da, Javier Diaz Nocirena. Gasteiztarra da, Bartzelonako unibertsitatean irakasle ari dena. 90eko hamarkadaren hasieran euskarazko prentsari buruzko doktorego tesia egin zuen, eta, besteak beste, komikiak ere aipatu zituen bere lanean. Tartean, Txistu, euskarako lehen komiki aldizkaria. Garai berean, pare bat artikulu ere idatzi zituen komiki horretaz, eta zioen alerik ez zela gorde.

Baina agertu dira, ezta?

Bai, baina orduan horixe uste zuen Diaz Nocik, eta urte askoan horixe pentsatu dugu denok. Eta, oraindik ere, halaxe azaltzen da Interneten ere, ez dela alerik kontserbatu. Kontua da Arraia-Meztuko alkatea harremanetan jarri zela Diaz Nocirekin, eta Gonzalez de Alaizaren lanari buruz hizketan hasi ziren. Handik pixka batera, Diaz Nocik han eta hemen endredatu, eta ikusi zuen Txistu Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean azaldu zela, Antonio Zabala jesuitaren funtsetan. Gainera, aldizkariaren ale guztiak digitalizatuta eta Interneten zeuden. Hortaz, batak zirikatu, besteak endredatu, batak besteari esan, eta horrelaxe atera da argitara Txistu.

Noiz eta nork egindakoa da?

1926an publikatu zen, baina zeinek egin zuen ez dakigu. Ez da izenik ageri. Komikia da, eta aldizkaria ere bai: ipuinak, txisteak, albisteak… denetarik dauka. Baina sinadurarik ez. Horren gainean zera besterik ez dakigu: 1926an Donostiako Argia aldizkariak gutun bat jaso zuela Madrilgo euskaldun batzuen izenean, baina izenik gabe, galdetuz ea zergatik, edo noizko, haurrentzako euskarazko aldizkari bat, garai hartan Bartzelonan eta Madrilen egiten zen moduko bat. 1920 ingurukoak dira Pulgarcito, TBO eta beste batzuk. Madrilgo euskaldun haiek zioten beraiek egingo zutela aldizkaria, marrazkiak eta gainerako guztia, eta dirua ere inguratuko zutela. 

Madrilen egin zuten Txistu

Bai, Madrilen bizi ziren euskaldun batzuek, unibertsitatean ikasle zirenek, nonbait ere; arkitektura eta beste ikasketa batzuk egiten ari zirenek. Eta 1926ko Argiaren aleetan, martxoan hasita, oker ez banago, Txistu aipatzen hasi ziren, bazetorrela esanez. Baina egundaino ez etortzen, ordea. 1927ko Argiaren lehen zenbakiarekin batera publikatu zen Txistu, esanez berandutu egin zirela, Gonzalez de Alaiza hil zelako, proiektuaren "sustatzaile beroena". Urte hartan hamasei zenbaki atera ziren, Argia astekariarekin batera, baina hamabostero, eta gero, diruz ezin eutsita, behar beste harpidedunik ere ez, eta kitto, desagertu egin zen aldizkaritik. Eta, gero, 1936ko gerrarekin, lurraren azaletik ezkutatu zen, ezkutatu zuten, edo dena delakoa, beste gauza asko bezala. 

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.