Udal Euskaltegian izena emateko epea, zabalik

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 16a, 14:53

Euskara ikasi edo maila hobetu nahi duten herritarrek irailaren 21era bitartean eman dezakete izena Udal Euskaltegian. Berrikuntza gisa, aurrez aurreko saioez gain, 'online' ikastaroak ere eskainiko dituzte aurten. Duela zenbait urte martxan jarritako beka sistema baten bidez, doan izango dira saioak.

Ikasturte honetan ere herritarrek euskara ikasteko aukera izango dute Udal Euskaltegian. Euskara jakin arren, hobetu edo tituluren bat atera nahi dutenentzat, euskara ikasten hasiak direnentzat, lehen urratsak eman nahi dituztenentzat.... denentzako ikastaroak antolatu dituzte, eta A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko aukera ere eskainiko dute. Goizez, arratsaldez zein gauez eskaintza zabala izango da. Interesatuek dagoeneko eman dezakete izena saioetan; irailaren 21era bitartean izango dute horretarako aukera.

Aurten, gainera, koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta, hainbat mailatan online ikastaroak ere emango dituzte. "Egoera berezi honetan, ohiko aurrez aurreko eskaintzari heldu diogu, baina pauso bat eman eta online eskaintza ere eskainiko dugu zenbait mailatan. Gure helburua euskara ikasi nahi dutenei horretarako erraztasunak eskaintzea da", azaldu du du Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak. Horrela, Udal Euskaltegiak herritarrei eskaintzen dien zerbitzua zabaldu eta hobetzeko pauso bat gehiago eman du.

Euskaltegia euskara ikasteko gune segurua izan dadin, aurrez aurreko saioetarako segurtasuna bermatzeko protokoloa ere egin du Euskaltegiak, eta protokolo horretan zehaztutako irizpideak jarraituta egin dute eskaintza.

Euskara ikastea, doakoa

Duela zenbait urte martxan jarritako beka sistema baten bidez, euskara ikastea doakoa da Azpeitian. "Euskaraz ikasteko edo hobetzeko aukera eskaini nahi diegu herritarrei. Horretarako, doako euskalduntzea sustatzen dugu, eta euskaraz ikasi nahi dutenek jakin dezatela Azpeitian, hainbat baldintza betez gero, euskaraz doan ikas daitekeela”, azpimarratu du Albizuk. 

Matrikulazio epea irailaren 21a bitartean egongo da irekita. Euskara ikasteko izena eman edo ikastaroen inguruko informazio gehiago nahi dutenek, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara, irekita dituzte Udal Euskaltegiko ateak. 

Hona hemen Udal Euskaltegian ikasturte berrirako prestatu duten eskaintzaren berri emateko egin duten bideoa: