Koronabirusa Azpeitian

Hiru positibo berri hauteman dituzte Azpeitian

Urola Kostako herrietan guztira 11 kasu positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, orotara PCR probetan koronabirusarekin positibo emandako 459 kasu berri jakinarazi dituzte azken orduetan.

Koronabirusa detektatzeko PCR probetan hiru lagunek eman dute positibo azken orduetan Azpeitian. Osakidetzak eman ditu atzoko egunari dagozkion datuak, eta Urola Kosta eskualdeko herrietan denera 11 positibo zenbatu dituzte: Zarautzen zortzi, Azkoitian lau, Azpeitian hiru, eta bana Zestoan eta Orion.

Azpeitian zein eskualdean gora egin du positibo kopuruak bezperako datueki alderatuta —Azpeitian herenegun ez zen positiborik agertu—, eta joera bera izan dute datuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina PCR proba gehiago egin zituzten. 459 izan ziren atzo hiru lurralde horietan hautemandako kasuak —Bizkaian 237, Gipuzkoan 166, Araban 46, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, hamar—. Atzo, guztira, 9.764 PCR proba egin zituen Osasun Sailak, herenegun baino 3.043 gehiago. Osasun Sailaren datuen arabera, COVID-19ak eraginda 46 pertsona hil dira irailaren 7tik 13ra bitartean. Ospitaleratzeei dagokionez, egun 315 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; atzo, 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, gaur-gaurkoz 56 pertsona daude. R0 indizea, azkenik, 0,86an kokatu da atzoko datuekin; uztailaren hasieratik gaur arteko daturik baxuena da hori.

Nafarroan, berriz, 294 kasu positibo atzeman ditu Osasunbideak atzo egindako 2.851 PCR probetan. Atzo, hemeretzi lagun ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietako bat larri, ZIUn. Egun, 143 pertsona daude lurraldean ospitaleratuta, horietatik 11 ZIUn; eta beste hemezortzi etxean, ospitaleekin harremanetan

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide