Udalak laguntza eskainiko du arreta soziosanitarioa emateko homologazioa lortzeko

Anartz Izagirre 2020ko ira. 16a, 11:15

Eusko Jaurlaritzak aukera zabaldu du arreta soziosanitarioa etxean nahiz gizarte erakundeetan emateko homologazioa lortzeko, eta udalak laguntza eskainiko du tramite horietarako. Homologazioa lortzeko interesa dutenek hilaren 24a baino lehen egin beharko dute aurre inskripzioa Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan.

Arreta soziosanitarioan izandako lan esperientzia nahiz prestakuntzako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak egiaztatu ahal izango dituzte herritarrek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gaitasun horiek ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura martxan jarri zuen joan zen irailaren 9an, eta Azpeitiko Udalak laguntza eskainiko die horretan interesa duten herritarrei, tramite kontuetan. Prozesuan parte hartzeko interesa dutenek irailaren 24a baino lehen egin beharko dute aurre inskripzioa Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan (943-85 21 74), eta izen-emateari buruzko argibideak, tramiteetarako laguntza eta informazioa nahi dituenak udalera (943-54 79 83) deitu dezake.

Jaurlaritzak martxan jarri duen prozesu horren bitartez, arreta soziosanitarioa etxean nahiz gizarte erakundeetan eman nahi dutenek lanbide kualifikazioa edo homologazioa lortzeko aukera izango dute, eta hori eskuratzeko prozedurak hiru fase izango ditu. Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan aurre inskripzioa egin nahi dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte, eta dokumentuak aurkeztu beharko dituzte baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.

Hona hemen bete beharreko baldintzak:

  • Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.
  • 20 urte beteak izatea, eskabidea egin aurretik.
  • Egiaztatu nahi diren konpetentzia-unitateekin lotutako lan-esperientzia edo prestakuntza ez-formala justifikatzea (deialdiaren aurreko 10 urtekoak):
    • Lan-esperientzia: gutxienez 3 urte justifikatu behar dira, eta, guztira, lan egindako 2.000 ordu gutxienez. (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria eta lan-eskarmentua hartu duen enpresaren edo enpresen ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko da).
    • Prestakuntza ez-formala: 300 ordukoa gutxienez. (Jaso dela ziurtatzen duten tituluen edo dokumentuen bidez justifikatu beharko da).