Mikel Arrasate nagusi, txirrindularitzako XL. Azpeitia Sarian

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 13a, 19:36

Gaur arratsaldean jokatu dute kadete mailako txirrindularitzako Azpeitia Saria, 16:00etan hasita. Mikel Arrasate (Aurrera Ondarroa) lekeitiarra izan da aurrena helmugara iristen, 1:42:33 denborarekin. Haren atzetik, Markel Zamora (Aranako) gasteiztarra sailkatu da bigarren, eta Beñat Garaiar (Augar) oiartzuarrak osatu du podiuma hirugarren sailkatuta. Talde mailako sailkapenean, berriz, Atracciones Sanz-Aitzaki Kirolak izan da nagusi. 

Mikel Arrasate (Aurrera Ondarroa) lekeitiarrak irabazi du kadete mailako txirrindularitzako XL. Azpeitia Saria, lasterketa bikaina eginda.  Anbulatorio aurrean ekin diote Lagun Onak txirrindulari elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatutako probari 16:00etan, eta Loiola hotelaren aurrean amaitu dute lasterketa.

Beroa izan da gaurko protagonistetako bat, eta aise sufritu dute proban parte hartu duten txirrindulariek. Mikel Arrasate (Aurrera Ondarroa) lekeitiarra izan da helmugara iristen aurrena. Ordubete, berrogehita bi minutu eta hogeita hamahiru segundo (1:42:33 ) behar izan ditu lekeitiarrak lasterketa amaitzeko. Haren atzetik, minutu bat eta berrogeita bost segundo geroago, sartu da helmugan Markel Zamora (Aranako) gasteiztarra, 1:44:28 denbora eginda. Helmugara iristen hirugarrena Beñat Garaiar (Augar) oiartzuarra izan da, 1:44:35 denborarekin. Talde mailako sailkapenean, berriz, Atracciones Sanz-Aitzaki Kirolak izan da nagusi. 

Betharrametako pilotalekuan egin dute sari banaketa, eta bertan izan dira Azpeitiko Udaleko nahiz Lagun Onak txirrindulari elkarteko ordezkariak.