Aniztasun funtzionala dutenen aldeko 'GR 11 Urdina' egitasmoa aurkeztu dute

Anartz Izagirre 2020ko ira. 12a, 09:09
'GR 11 Urdina' egitasmoaren aurkezpeneko irudia. (Anartz Izagirre)

Marea Urdina elkartearekin batera jarri du martxan mendi korrikalari azkoitiarrak GR 11 Urdina egitasmoa. Irailaren 15ean Cap de Creusetik (Girona, Herrialde Katalanak) abiatuko da, eta Higer lurmuturrera arte (Hondarribia, Gipuzkoa) egingo du ibilbidea. Hamahiru etapa egingo ditu guztira, eta etapa bakoitzean aniztasun bat izango da protagonista.

Aniztasun funtzionala bizi duten pertsonen alde, 850 kilometroko GR 11 ibilbidea egingo du Imanol Alesonek. Marea Urdinarekin batera antolatu du Azkoitiko kirolariak GR 11 Urdina egitasmoa, eta guztira, hamahiru etapa egingo ditu. Cap de Creusen (Girona, Herrialde Katalanak) hasiko du Alesonek ibilbidea, datorren asteartean, hilak 15, eta Higer lurmuturra (Hondarribia, Gipuzkoa) izango du helmuga —hilaren 27an helduko da hara—. Egitasmoaren helburua herritarrak aniztasun funtzionalen inguruan sentsibilizatzea da.

Atzo, ostirala, egitasmoa aurkeztu zuten Marea Urdinak eta Alesonek Azkoitiko Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta hainbat herritar joan zen aurkezpenera. Azkoitiarrak bertan azaldu zuenez, konfinamenduan otu zitzaion GR 11 ibilbidea egiteko ideia: "Pirinioetako zeharkaldirik luzeena da GR 11, eta betitik izan dut ibilbide hori egiteko gogoa. Aurten urte xelebrea izan da, eta iraila une egokia iruditu zitzaidan zeharkaldia egiteko. Elkartekoei nire asmoen berri eman nien, eta segituan ezarri genuen bilera guztia antolatzeko".

Alesonek soinean eramango du ibilbidean behar duen guztia, eta etapa bakoitzaren amaieran geldialdia egingo du lo egiteko eta hurrengo egunerako etaparako indarrak hartzeko: "Etapa luzeena 90 kilometrokoa izango da, eta laburrena, berriz, 46-50 kilometrokoa. Egunero 07:30ean jarriko naiz martxan", azaldu zuen azkoitiarrak. Hasieran, ibilbidea bakarrik egiteko asmoa zuen Alesonek, baina azkenean GR 11 egiteko deialdia zabaldu zuen sare sozialetan, eta berarekin lasterketetan aritzen den Julian Morcillo izango du bidelagun, hilaren 15ean.

Etapa bakoitzak, gainera, aniztasun funtzional bat irudikatuko du; besteak beste, entzumen urritasuna, garun paralisia, Duchenne gaitza, Down sindromea nahiz Jatorri Ezezaguneko Gaztetxoen Artritisa (AIJ). 12+1 etapan, berriz, aniztasun funtzional guztien eguna izango da. Marea Urdinaren orrialdean irakur daiteke gaitz horien gaineko nahiz ibilbidearen inguruko informazio guztia.

Bi itsasoetako ura

Egitasmoak helburu sinboliko bat ere izango du; izan ere, Alesonek Mediterraneo Itsasoko ura sartuko du bi botila txikitan, eta Hondarribira iristean Kantauri Itsasoko urarekin nahastuko du ur hura: "Bi itsasoetako mareen urak nahastuko ditut, Marea Urdina osatzeko", azaldu zuen azkoitiarrak. Hilaren 27an Hondarribira iristean, gainera, ongi etorria egingo diote elkarteko kideek nahiz bertara hurbiltzen diren herritarrek.

Marea Urdinak bere aldetik eskerrak eman zizkion Alesoni egitasmoan parte hartzeagatik, eta GR 11 Urdina egitasmoaren orrialdea aurkeztu zuten ondoren. Azkoitiarrak Track the race enpresak utzitako GPSa eramango du soinean, eta horren bitartez herritarrek une oro jakin ahal izango dute ibilbideko zein puntutan dagoen azkoitiarra.

Horrez gain, egitasmoaren orrialdean aukera egongo da #GR11 traolarekin Alesoni animo mezuak bidaltzeko; egunero-egunero, gainera, kamisetak zozkatuko ditu Marea Urdinak mezu horiek bidaltzen dituzten herritarren artean. Bestalde, azkoitiarrak etapa bakoitzeko argazkiak eta bideoak egingo ditu, eta orrialdean bertan egongo da horiek ikusteko aukera.

Aurkezpenaren amaieran, elkarteak eskerrak eman zizkien egitasmoa diruz lagundu duten erakundeei eta enpresei; hau da, Azkoitiko Udalari, Domusa Teknik-i, Yoko kirol dendari eta Track the race enpresari.

Hona hemen GR 11 Urdina egitasmoko etapa guztiak:

  • 1. Etapa. Irailak 15: Cap de Creus – La Vajol (84 km). Entzumen urritasuna dutenen alde.
  • 2. Etapa. Irailak 16: La Vajol – Setcases (75 km). Garun paralisia.
  • 3. Etapa. Irailak 17: Setcases – Puigcerda (58 km). Jatorri Ezezaguneko Gaztetxoen Artritisa (AIJ).
  • 4. Etapa. Irailak 18: Puigcerda – Arinsal (61 km). Duchenne.
  • 5. Etapa. Irailak 19: Arinsal – Estaon (53 km). Autismoa.
  • 6. Etapa. Irailak 20: Estaon – Restanca (46 km). Paralisi Brakial Obstetrikoa.
  • 7. Etapa. Irailak 21: Restanca – Estos (54 km). Goldenhar sindromea.
  • 8. Etapa. Irailak 22: Estos – Goriz (61 km). Down sindromea.
  • 9. Etapa. Irailak 23: Goriz – Sallent (60 km). Pierre Robin Sekuentzia.
  • 10. Etapa. Irailak 24: Sallent – Izaba (68 km). Charcot Marie Tooth sindromea.
  • 11. Etapa. Irailak 25: Izaba – Auritz/Burguete (75 km). Angelman sindromea.
  • 12. Etapa. Irailak 26: Auritz/Burguete – Bera (63 km). Beirazko hezurrak.
  • 13. Etapa. Irailak 27: Bera – Higer lurmuturra (30 km). Beste aniztasun guztiak.