Koronabirusa Azpeitian

Kasu positibo bakarra hauteman dute Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko ira. 9a, 13:24

Zortzi kasu atzeman ditu Osasun Sailak eskualdean, eta Zarautzen, Azpeitian, Orion eta Zumaian zenbatu dituzte kasu horiek. Atzo, guztira, 9.906 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 3.070 PCR gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak beste zortzi kasu positibo berri atzeman ditu eskualdean, atzo baino bat gehiago; Azpeitian, ordea, kasu positibo bakarra zenbatu dute, atzo baino bi gutxiago. Gainerako zazpi positiboetatik bost Zarautzen zenbatu dituzte, eta Orion eta Zumaian bana. Eskualdeko beste herrietan, berriz, ez da kasu berririk agertu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, gora egin du kasu positibo berrien kopuruak. Herenegun 397 positibo atzeman zituen Osakidetzak, baina atzo 264, 661 kasu positibo guztira. Dena den, atzo guztira 9.906 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 3.070 PCR proba gehiago.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 312. Gipuzkoan, berriz, 240 zenbatu dituzte, eta 97 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamabi lagunek ere positibo eman dute probetan, ordea. Gaur egun 247 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 52 daude ZIUn. Atzoko datuen arabera, 53 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan.

Azpimarratu behar da, era berean, abuztuaren 31tik irailaren 6ra 31 lagun hil zirela Araban, Bizkain eta Gipuzkoan COVID-19 gaitzari zuzenean lotutako arrazoiengatik. RO indizea, berriz, 1,02 da Osasun Sailaren arabera.