Igor Gonzalez presoaren heriotza salatzeko mobilizazioa deitu du Sarek gaurko

Julene Frantzesena 2020ko ira. 5a, 11:55
Kepa del Hoyo presoaren heriotza salatzeko 2017an egindako elkarretaratze bateko irudia.

Azpeitiko Sarek gaurko, zapatua, jarri du hitzordua, 19:00etan, plazan. 2005eko martxoan atxilotu zuten Gozalez Donostian, eta aurtengo martxoan bete zituen zigorraren hiru-laurdenak. Bilbokoa zen, eta 47 urte zituen. 

Atzo Martuteneko kartzelan hilik agertu zen Igor Gonzalez Sola presoaren heriotza salatzeko mobilizazioa deitu du Azpeitiko Sarek gaurko, zapatua. plazan egingo dute protesta, 19:00etan hasita. Gainera, Sarek gogorarazi duenez, bihar, igandea, manifestazioa egingo dute Bilbon, eta hara joateko autoak egongo dira.

Azpeitiko Sarek salatu duenez, edozein preso "bortizki hiltzeak" kartzela sistemaren "porrota" dakar. "Kartzela ezin da pertsonen biltegi bat izan, non presoak pilatuta bizi diren kondena amaitu arte". Sareren arabera, Gozalezek "sistema anker" baten ondorioz galdu du bizia, "aparteko baldintzetan bere espetxe zigorrari aurre egitearen ondorioz, salbuespen legediaren ondorioz", eta dinamikak adierazi duenez, horrek "gogoeta eginarazi" behar die erakundeei eta alderdi guztiei.

2005eko martxoan atxilotu zuten Gozalez Donostian, eta aurtengo martxoan bete zituen zigorraren hiru-laurdenak. Bilbokoa zen, eta 47 urte zituen. "Eskubide urraketak jasateaz gain, kondenaren 3/4 beteta zituen, eta ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur egun aske eta bizirik egongo zen", esan du Sarek.

Presoak "etxean eta bizirik" nahi dituela aldarrikatu du Azpeitiko Sarek, eta salbuespen-legediak "heriotza" dakarrelako, politika hori bertan behera uztea "denen" ardura dela adierazi du.