Koronabirusa Azpeitian

Kasu positiborik ez azken orduetan herrian

Julene Frantzesena 2020ko ira. 3a, 12:47

Lau egunez jarraian positiboak detektatu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du positiborik atzeman herrian atzo egindako PCR probetan. Azken zazpi egunetan, baina, 22 positibo atzeman dituzte guztira. Urola Kostan sei kasu zenbatu dituzte: hiru Zarautzen, bi Azkoitian eta bat Orion.

Lau egunez jarraian positiboak detektatu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du positiborik atzeman herrian atzo egindako PCR probetan. Orain dela zazpi egun hamahiru kasu positibo izan ziren herrian, eta azken zazpi egunetan bigarrenez –abuztuaren 28an ere ez zuten atzeman– ez dute positiborik zenbatu Azpeitian. Azken zazpi egunetan, baina, 22 positibo atzeman dituzte guztira.

Urola Kostan nabarmen egin du behera PCR probetako positibo kopuruak azken orduetan; izan ere, Osakidetzak jakinarazi duenez, guztira, sei positibo zenbatu zituzten atzo eskualdeko herrietan. Kasu horietako hiru Zarautzen atzeman dituzte, bi Azkoitian eta bat Orion. Gainerako herrietan ez dute positiborik detektatu.

Dena den, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak. Hain zuzen ere, herenegun baino 59 positibo gehiago zenbatu dituzte, 605 guztira. Hala eta guztiz, kontuan hartzekoa da Osasun Sailak herenegun baino PCR proba gehiago egin zituela hiru lurralde horietan: 8.887 herenegun, eta 9,145 atzo.

Bizkaia izan da, beste egun batez, positibo gehien zenbatu dituzten lurraldea: 360. Gipuzkoan, aldiz, 165 atzeman dituzte –herenegun baino bi gehiago–, eta 53 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 27 lagunek ere positibo eman zuten atzo gauzatutako probetan.

Atzoko datuen arabera, 259 lagun daude ospiraleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan –herenegun baino bederatzi gehiago–. Horietatik 47 daude ZIUn, herenegun baino zortzi gehiago. Atzo 56 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan. RO indizea, berriz, 0,94 da, azken egunetako eta asteetako baxuena.

Nafarroan, berriz, 111 positibo zenbatu dituzte atzo egindako 1.813 PCR probetan, herenegun baino 23 positibo gutxiago. Koronabirusaren eraginez, azken orduetan hamar lagun ospitaleratu dituzte –horietako bat ZIUn–, eta ez dago hildako berririk. COVID-19agatik guztira 536 lagun hil dira Nafarroan.