Koronabirusa Azpeitian

Ezohiko abuztu baten albo kalteak

Anartz Izagirre 2020ko ira. 2a, 16:00

Erdikalea, hutsik.

Azken hilabeteetan gorabeherak izan dituzte Alde Zaharreko tabernek lana normal egin ahal izateko, abuztuan herrian izandako koronabirus agerraldiak kaleak hustu baitzituen. COVID-19aren fokuaren eragina bizi izan duten bi tabernarirekin hitz egin du Uztarriak.

Herritarrek nekez ahaztuko duten uda utzi du COVID-19ak Azpeitian, abuztuaren erdialdean Alde Zaharrean izandako agerraldiak herritar askoren egunerokotasuna aztoratu baitzuen. Egoera horrek herriko kaleak hustea ekarri zuen, eta ostalariak izan dira, besteak beste, kaleetako mugimendu eza nozitu dutenetako batzuk. Hain zuzen ere, herriko ez-festek eta koronabirusaren fokuak tabernari askoren asmoak zapuztu zituzten, eta datozen hilabeteetan gertatuko denari so daude, esperantzarik galdu gabe.

Plaza Txikiko Eguzkitza taberna izan da koronabirusaren agerraldiaren eragina igarri duen lokaletako bat. Beatriz Urbieta arduradunaren arabera, "oso egoera arraroa" bizi izan dute azken hilabetean: "Horrelakorik ez dugu sekula bizi izan, oso jende gutxi ibili da kalean abuztuan, eta ateratzen ziren herritarrak ere oso berandu etortzen ziren zerbait hartzera". Erdikaleko Topa tabernak ere antzeko egoera bizi izan du: "Ez-festak bukatu ostean jendea buelta ematen hasia zen konfinamenduaren kontuari, baina abuztuaren erdialdean agerraldia agertu zenean, goitik behera erori zen berriro guztia", azaldu du hango arduradunak. Hark adierazi duenez, positibo eman duten herritarrak ez ezik, haien inguruko jendea etxean sartuta egoteak ere izan du eragina kaleetan jende gutxiago ibiltzerakoan.

Agerraldia atzeman bezain laster, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren gomendioz PCR probak egin behar izan zituzten Alde Zaharreko tabernetako zerbitzariek, baita taberna horietan abuztuaren 7an, 8an eta 9an zerbait hartzen izan ziren bezeroek ere. Ondorioz, Alde Zaharreko tabernariek lokalak aldi baterako ixtea erabaki zuten. Urbietaren arabera, "kolpe gogorra" izan zen erabaki hori hartzea: "Agerraldiaz jabetu ginenean, ikusten genuen halako zerbait etorriko zela, baina ez genuen uste horrenbesterainokoa izango zenik". Azpeitiarrak gehitu du jende asko oraindik ere beldurtuta sumatzen dutela, bai tabernetara joateko, baita erosketak edo bestelako kontuak egiteko ere. Topa tabernako arduradunak ere beldurra igartzen du bezeroen artean: "Beldur handia dago herritarren artean, gurasoak edo aitona-amonak direla eta. Jendea ez da taberna barrura sartzen ausartzen, eta hori, Alde Zaharrean ez ezik, herriko beste gune batzuetan ere ari da gertatzen".

"Zer gertatuko da?"

Konfinamendutik atera bezain laster, kutsatzeak saihesteko osasun eta segurtasun neurriak hartzen hasi ziren taberna eta jatetxe guztietan; gelak, distantzia mantentzeko zintak, pintxoak tapatzeko tapak eta maskarak eguneroko ogia bilakatu dira ordutik ostalarientzat. Hemendik aurrera ere halaxe jarraituko dutela dio Urbietak: "Gu asko beldurtu gara honekin guztiarekin, eta une oro mahaiak, aulkiak eta taberna garbitzen ibili gara". Ildo horretatik, jendea neurri horietara "ohitu" egin dela gehitu du azpeitiarrak, eta gehienek ondo betetzen dituztela ezarritako neurriak. Topa tabernan ere Osasun Sailetik adierazitako beharrezko neurriak hartu dituzte hilabete hauetan guztietan, eta "gogorra" izan dela azaldu du tabernaren arduradunak: "Polizia lan asko egin behar izan dugu, eta horrek neke psikologikoa eragin digu". Topako tabernariak nabarmendu du bezero askok ez dutela ulertzen neurri askoren zergatia, baina ez daudela beraien esku: "Askok ez dute ulertzen osasun neurrien zergatia, baina legeak ez ditugu guk jartzen, eta egoera horretara egokitu besterik ez zaigu gelditzen tabernarioi".

Behin abuztua pasatuta, datozen hilabeteetan gertatuko denari so daude tabernariak, eta gaur-gaurkoz ez dakite zer gertatuko den. "Gauzak egunetik egunera aldatzen ari dira, eta denok gaude gertatuko denaren esperoan. Adibidez, ez dakigu eguraldi txarra hasten denean jendeak taberna barrura sartzerik nahiko duen", azaldu du Topa tabernaren jabeak. Urbietak itxaropena du egoerak hobera egingo duela: "Larunbatetan ia afaririk ez dugu eman, eta igandeetan, meza ondoren jende gutxi etorri da kalamarrak jatera eta. Espero dugu datozen hilabeteetan egoerak hobera egitea, bestela ez gara ondo ibiliko".