Koronabirusa Azpeitian

Hamahiru positibo berri zenbatu dituzte herrian azken orduetan

Anartz Izagirre 2020ko abu. 28a, 12:47

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, positibo berri horietatik zortzi dagoeneko etxean bakartuta zeudenak izan dira. Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 764 kasu berri hauteman dituzte azken orduetan.

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, kasu positiboek gora egin dute berriro ere Azpeitian, eta hamahiru kasu berri zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Azpeitiko Udalak adierazi duenez, kasu berri horietatik zortzi aurrez birusa zutenekin kontaktu zuzena izan dutenak dira, eta etxean berrogeialdia egiten aritu ondoren positibo eman dutenak. Horrez gain, udalaren arabera Osakidetzak Azpeitiko agerraldia ez du fokutzat hartuko astelehenetik aurrera, betiere egungo egoera mantentzen bada.

Eskualdeko beste herrietan, Zarautzen bost kasu zenbatu dituzte, eta Azkoitian, Orion eta Zumaian kasu bana. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, atzoko datu bera izan da: 764 positibo. Kasu horietatik gehienak Bizkaian atzeman dituzte, 432 kasu; Gipuzkoan, berriz, 225 kasu berri izan dira, eta Araban, 94. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, berriz, 13 izan dira PCR proban positibo eman dutenak. Atzo, guztira, 9.176 PCR proba egin zituen Osakidetzak, herenegun baino 423 gehiago.

Ospitaleratutako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, 225 lagun baitaude erietxeetan, atzo baino 8 gehiago. ZIUn dauden gaixoak, berriz, 32 dira.