Koronabirusa Azpeitian

Zazpi kasu positibo berri zenbatu dituzte herrian azken orduetan

Anartz Izagirre 2020ko abu. 27a, 12:53

Berriro ere gora egin dute koronabirus kasuek herrian, eta zazpi kasu zenbatu ditu Osasun Sailak azken 24 orduetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 764 kasu berri hauteman dituzte.

Azken egunetako datuek beheranzko joera erakusten bazuten ere, berriro ere gora egin dute koronabirus kasuek azken orduetan. Osasun Sailak adierazi duenez, zazpi koronabirus kasu berri egon dira Azpeitian, atzo baino bost gehiago. Urola Kostan deigarria da Zarauzko egoera ere, bederatzi kasu hauteman baitituzte han. Bestalde, Azkoitian, Orion eta Zestoan bina kasu zenbatu dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez du etenik positibo berrien kopuruak. Izan ere, 764 izan dira azken orduetan hiru lurralde horietan hautemandako kasuak —Bizkaian 365, Gipuzkoan 243, Araban 131 eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, 25—. Atzo, guztira, 8.753 proba egin zituen Osasun Sailak, bezperan baino 398 gehiago.

Ospitaleratutako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, 217 baitira ospitaleratuta dauden lagunak, atzo baino hogei gehiago. ZIUn dauden gaixoak, berriz, 31 dira.