Koronabirusa Azpeitian

Bi koronabirus kasu berri atzeman dituzte Azpeitian azken orduetan

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 26a, 12:34

Atzo baino hiru kasu gutxiago zenbatu ditu herrian Osasun Sailak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin dute kasuek, eta 700 zenbatu dituzte azken orduetan.

Koronabirus kasuek behera egin dute Azpeitian azken 24 orduetan. Izan ere, bi kasu positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak, atzo baino bi gutxiago. Urola Kostan ere, oro har, behera egin dute kasu berriek. Honakoak dira eskualdeko datuak: Zarautzen sei, Orion eta Zumaian bina, eta Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian eta Zestoan bana.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igoera nabarmena izan da atzoko datuekin alderatuta. Izan ere, 477tik 700era igo da PCR proban positibo eman dutenen kopurua: 363 Bizkaian, 215 Gipuzkoan eta 96 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 26 lagunek ere eman dute positibo proban. Atzo, guztira, 8.355 proba egin zituen Osasun Sailak, bezperan baino ia 3.000 gehiago.

Ospitaleratutako gaixoen kopurua, aldiz, jaitsi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 205 ziren atzo eta gaur 197 dira. ZIUn dauden lagunak, ordea, 30 dira, atzo baino bat gehiago.