Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berri bat zenbatu dute azken orduetan Azpeitian

Anartz Izagirre 2020ko abu. 24a, 13:04

Ostiraletik atzora bitartean, zortzi kasu berri zenbatu dituzte guztira Azpeitian, eta azken 24 orduetan, kasu bakarra zenbatu dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 453 kasu berri zenbatu dituzte azken orduetan.

Asteburuetan ez ditu herriz herriko datuak ematen Osasun Sailak, baina gaur argitaratu ditu joan berri denekoak. Ostiraletik atzora bitartean, zortzi kasu izan dira guztira Azpeitian, eta azken 24 orduetan kasu bakarra zenbatu dute herrian. Urola Kostako gainontzeko herrietan, berriz, Aian eta Zarautzen kasu bana hauteman dute azken 24 orduetan, baina ostiraletik atzora bitarteko datuetan kasu gehiago ere zenbatu dituzte herri horietan eta eskualdeko beste batzuetan: Zarautzen, guztira, zortzi kasu zenbatu dituzte, Azkoitian bost, Aian eta Orion hiruna, eta Zestoan bi.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, guztira, 453 kasu positibo zenbatu ditu azken 24 orduetan: 246 Bizkaian, 140 Gipuzkoan eta 43 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 24 lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Ostiraletik atzora bitartean, guztira, 1.704 izan dira hiru lurralde horietan hautemandako kasuak, eta 25.960 PCR proba egin dituzte azken egunetan.

Hiru lurralde horietan egun ospitaleratuta daudenak 211 dira, eta 27 lagun daude ZIUn ospitaleratuta.