Koronabirusa Azpeitian

Alde Zaharreko fokuari lotutako beste zazpi kasu detektatu dituzte

Julene Frantzesena 2020ko abu. 22a, 12:14

Betharramen probak egin zituzten egunetako irudi bat.

Osasun Sailak azken orduetan egindako PCR emaitzak jakinarazi dizkio Azpeitiko Udalari, eta fokua atzeman zutenetik 127 positibo zenbatu dituzte herrian. Joan zen astetik 3.000 proba baino gehiago egin dituzte; gaur eta bihar 140 bat gauzatuko dituzte. Udalak "kezkatuta" segitzen duela azaldu du.

Beste zazpi positibo. Osasun Sailak azken orduetan egindako PCR emaitzak jakinarazi dizkio Azpeitiko Udalari, eta Alde Zaharreko COVID-19aren fokua atzeman zutenetik 127 kasu detektatu dituzte herrian. Erakundeak azaldu duenez, joan zen astetik 3.000 proba baino gehiago egin dituzte Azpeitian, eta asteburuan ere egiteko horrekin segituko du Osakidetzak; izan ere, gaur 80 eta bihar 60 PCR proba gauzatuko ditu.

Udalak egoerarekin "oso kezkatuta" jarraitzen duela adierazi du, oraindik ere kasu positiboak detektatzen segitzen dutelako. "Positibo bakoitzak kate bat dauka, eta kateak arakatzean, irteten jarraitzen dute positiboek. Positibo bakoitza arrisku bat da, baina, horregatik, birusa duten pertsonak detektatzea eta isolatzea beharrezkoa da egoera honi buelta emateko", azaldu du Nagore Alkorta alkateak.

Etxean egoteko deia

Udalak gogorarazi duenez, PCR proba egin eta emaitza jaso bitartean derrigorrezkoa da etxean egotea, eta positiboen kontaktu zuzenek ere etxean egon behar dute bigarren proba gauzatu arte. "Proba egitera joaten direnak edo etxean bakartuta daudenak kutsatuta egon daitezkeelako da hori; birusaren katea mozteko ezinbestekoa da irizpide hori betetzea".

746 positibo Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azken orduetan izan diren 746 positiboren berri eman dute –atzo baino 75 kasu gutxiago–. Atzo 6.579 PCR proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 593 izan ziren positiboak. Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien, beste behin: 348. Araban, berriz, 126, eta Gipuzkoan 113. Erkidegotik kanpo bizi diren 23 kasu ere detektatu ditu Jaurlaritzak. Nafarroan hazi egin da kutsatuen kopurua: 153 izan dira azken orduetan.

Ospitaleratzeek ere gora egin dute; izan ere, 35 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Dena den, kopurua herenegungoa baino apalagoa da: orduan 58 lagun ospitaleratu zituzten. Orotara, 23 lagun daude gaur egun ZIUn.