Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan zortzi lagunek eman dute positibo PCR proban

Julene Frantzesena 2020ko abu. 20a, 12:48

Ostiralean fokua atzeman zutenetik 111 positibo detektatu dituzte herrian. Datu baikor bat ere utzi dute, ordea, azken orduek: San Martin egoitzako egoiliar guztiek negatibo eman dute atzo gauzatutako probetan. Egoerarekin "kezkatuta" jarraitzen du udalak, egunez egun kasu positibo gehiago ari direlako agertzen.

Alde Zaharrean izandako COVID-19aren agerraldia kontrolatzeko lanetan segitzen dute Azpeitiko Udalak eta Osasun Sailak, eta azken horrek dagoeneko jakinarazi ditu azken orduetako PCR proben emaitzak. Azpeitian, guztira, zortzi lagunek eman dute positibo proba horretan. Ostiralean fokua atzeman zutenetik 111 positibo detektatu dituzte.

Datu baikor bat ere utzi dute, ordea, azken orduek: San Martin egoitzako egoiliar guztiek negatibo eman dute atzo gauzatutako probetan. "San Martin egoitzako egoiliarren negatiboen berri izateak lasaitasun pixka bat ematen digu. Izan ere, kezka nagusia adinekoak eta patologiaren bat duten herritarrak dira", azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Egoitzako langileei ere egin zizkieten probak atzo, eta horiek datozen orduetan jasoko dituzte emaitzak.

Egoerarekin "kezkatuta" jarraitzen du udalak, egunez egun kasu positibo gehiago ari direlako agertzen. "Positibo bakoitzak bere kontaktu zuzenei proba egitea dakar, eta positibo gehiago agertzeko aukera. Fokua kontrolatzeko lanean jarraitzen dugu, eta horretarako beharrezkoa da prebentzio neurriak ahal bezain beste zorroztea, birusak gure inguruan jarraitzen duelako", azaldu du alkateak.

Horrez gain, udalak gogorarazi du PCR proba egin dutenek emaitza jaso bitartean etxean egon behar dutela, eta positiboen kontaktu zuzenek bigarren proba egin bitartean ere bai. "Proba egitera joaten direnak edo etxean bakartuta daudenak kutsatuta egon daitezkeelako da hori derrigorrezkoa. Horregatik, arduraz jokatu eta guztion osasunagatik irizpide horiek betetzeko eskatzen diegu herritarrei”, gaineratu du Alkortak.

Beste 11 kasu eskualdean

Eskualdean hemeretzi positibo atzeman dituzte azken orduetan. Azken egunetako gisan, Azpeitian atzeman dituzte positibo gehien, baina Azkoitian eta Zarautzen hiruna kasu, Aian bi, eta Zumaian, Zestoan nahiz Orion bana ere detektatu dituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 576 positibo zenbatu dituzte. 7.023 PCR proba gauzatu dituzte, eta Araban 117, Bizkaian 372 eta Gipuzkoan 73 positibo izan dira. Positibo eman duten beste hamalau lagunek hiru lurralde horietatik kanpo dute bizilekua. Hego Euskal Herrian, orotara, 689 positibo zenbatu dituzte –atzo baino 94 gehiago–; izan ere, Nafarroan 113 pertsonek eman dute positibo PCR probetan.

Egun 176 lagun daude ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –atzo 39 ospitaleratu zituzten–, eta horietatik hogei daude ZIUn. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –oinarrizko birsorkuntza tasa–, berriz, 1,11 da.