Koronabirusa Azpeitian

Beste bederatzi koronabirus kasu detektatu dituzte herrian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 19a, 13:03

Herritar bat PCR proba egiten Azpeitian.

Positibo emandako herritarren ingurukoei nahiz ostalariei ari dira PCR probak egiten; atzo 200 egin zituzten eta gaur ehun gauzatuko dituzte. Fokua kontrolatuta ez badago ere, "lokalizatuta" dagoela azaldu du Azpeitiko alkateak. San Martin egoitzan ere probak egiten ari dira gaur.

Alde Zaharreko koronabirus agerraldiari lotutako beste bederatzi kasu atzeman ditu Osasun Sailak azken orduetan Azpeitian –joan zen ostegunetik 103 kasu, zehazki–. Positibo emandako herritarren ingurukoei nahiz ostalariei ari dira PCR probak egiten; atzo 200 egin zituzten eta gaur ehun gauzatuko dituzte. Gaurtik, baina, anbulatorioaren ondoan muntatutako karpan egingo dituzte probak.

Positiboen kopuruak "nabarmen" egin du behera azken egunetan, baina Alkortak "zuhurtziaz eta arduraz" hartu ditu datuok: "Probak egiten jarraitzen dute, positibo bakoitzaren ingurua arakatzen segitzen dute, eta positibo gehiago detektatzeko aukera dago". Dena den, fokua kontrolatuta ez badago ere, "lokalizatuta" dagoela azaldu du Azpeitiko alkateak.

Haren arabera, positibo bat "arriskua" da beti: "Positibo bakoitza da kaltegarria, horietako bakoitzaren atzean herritar bat dagoelako, adinekoak edo patologiaren bat duten herritarrak izan daitezkeelako". Horrez gain, udala herritarrei laguntzeko dagoela gogorarazi du, eta jakinarazi du "etxean kezkatuta edo bakartuta" dauden herritarrei laguntzeko boluntario sarea martxan dela. Hain zuzen ere, bi telefono egokituko dituzte askotariko laguntza eskatzeko: goizez, 08:00etatik 15:00etara Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko da; eta 15:00etatik aurrera, Udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefonora.

Probak San Martin egoitzan

Anbulatorioko karpan ez ezik, San Martin egoitzan ere PCR probak egiten ari dira gaur, asteazkena. Egoiliarrei nahiz bertako langile guztiei egingo dizkiete probak, prebentzio neurri gisa.

Hemezortzi positibo eskualdean

Azken egunetan baino kasu gehiago atzeman dituzte Urola Kostan; izan ere, atzo sei ziren –Azpeitian bost eta Zarautzen bat–, eta gaur hemezortzi –Azpeitian bederatzi, Zarautzen bost, eta Zumaian, Aian, Aizarnazabalen nahiz Azkoitian bana–.

Hego Euskal Herrian 595 positibo atzeman dituzte: Araban 86 kasu, Bizkaian 316, Gipuzkoan 81 eta Nafarroan 85. Etxebizitza lurralde horietatik kanpo duten beste 27 lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Atzo, 90 lagun ospiraleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan –guztira, 168 daude ospitaleratuta–, eta gaur egun hemeretzi pertsona daude ZIUn.