Iraia Bereziartua: "Ezin dut nire bizitza musikarik gabe imajinatu"

Julene Frantzesena 2020ko abu. 19a, 08:11
Iraia Bereziartua emanaldi batean. (Alberto Beloki)

Iraia Bereziartuaren (Azpeitia, 1988) bizitza ez dago ulertzerik musikarik gabe. Txikitan hasi zen biolina ikasten, eta gaur egun musika du ogibide. Juan Antxieta musika eskolako irakaslea da, eta hainbat orkestratan jotzen du. Gainera, Euskadiko Orkestrako kolaboratzailea da. Eskolak ematearen eta zuzenekoen arteko oreka aurkitu nahian ibiltzen dela aitortu du.

Noiz hasi zinen musikaren munduan murgiltzen?

Biolina ikasten 3 urterekin hasi nintzen Azpeitiko musika eskolan, Jorge Bruschi irakaslearekin. Ahizpa zaharra bi urte lehenago hasi zen ikasten, eta ama klaseetara joaten zen etxean hari laguntzeko. Beraz, niri ere lagundu zidan.

Noiz jakin zenuen musikatik bizi nahi zenuela?

Berandu, egia esan. Nahiz eta nire izeba batek pianoko goi-mailako ikasketak dituen, ez nuen aukera hori erreala zenik pentsatzen. 17 urterekin Donostiako erdi-mailako kontserbatorioan hasi nintzen ikasten. Hango biolineko irakasleak uste zuen biolineko goi mailako ikasketak egin nahi nituela, eta hasieratik egurra ematen hasi zen. Nire adin inguruko jendea musikatik bizitzeko asmoarekin ikusi nuenean hasi nintzen aukera hori planteatzen, eta indar guztiak musikarantz bideratzea erabaki nuen 2008an. Horretarako, unibertsitatean egiten ari nintzen heziketa bereziko majisteritza ikasketak utzi nituen.

Nolakoak dira musika ikasketak?

Ikasketa ofizialak egiteko frogak egin behar dira. Hasteko, lau urte egin behar dira oinarrizko irakaskuntzan –sartzeko froga egin behar da–. Ondoren, sei urtez –DBH eta Batxilergoa izango liratekeena– ikasketa profesionalak gauzatu behar dira. Kontserbatorioan sartzeko beste froga bat egin behar da, teorikoa eta instrumentuarekin. Ondoren, goi-mailako ikasketetarako sarrera froga egin behar da. Horiek unibertsitate mailako ikasketak dira: Espainian lau urtekoak, baina Europako beste herrialde askotan hiru urtekoak. Ondoren, masterra egin nahi bada, beste sarrera froga bat gaidnitu behar da. Froga horiek guztiak kontserbatorioan izaten dira, beraz, hara joan behar da frogak egiteko. Horrez gain, biolinaren kasuan, piano-jotzaile bat eraman behar duzu frogara edo kontserbatorioak jartzen duena ordaindu.

Zer suposatzen du froga horiek egiteak?

Ikasi nahi den lekua irakaslearen arabera aukeratzen da normalean, goi-mailatik aurrera behintzat. Biolineko lau-sei irakasle artean egoten dira normalean, eta zuk bat aukeratu behar duzu. Ondoren, froga gainditu behar da –teoria eta praktika–, eta ikasi nahi duzun irakasleak plaza libre izan behar du; bestela, ezin dugu bertan ikasi. Niri hori gertatu zitzaidan Amsterdamen: froga gainditu nuen, baina nik aukeratuta nuen irakasleak ez zuen plazarik.Bruselan nahi nuenarekin onartu nindutenez, bertara joan nintzen masterra egitera. Biolinarekin orain arte ez zegoen arazo handirik, baina gaur egun, gero eta hegazkin konpainia gehiagok jartzen dituzte arazoak biolina eskuko ekipaje moduan eramateko. Beraz, batzuetan, biolinarentzat beste txartel bat erosi behar da –biolontxeloaren kasuan beti–. Urduritasunaz gain, gastu handia suposatzen du frogak egiteak.

Zer ikasketa egin dituzu zuk?

3 urte nituenetik bigarren Batxilergoa bukatu arte, Jorge Bruschirekin ikasi nuen Azpeitiko musika eskolan. Ikasketa profesionalak, berriz, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan egin nituen Christian Ifrimekin. 2009tik 2013ra Musikenen ikasi nuen Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegin, eta Keiko Wataya izan nuen irakasle. Bi urteko masterra egin nuen gero Bruselako Koninklijk Conservatoriumen, Naaman Scluchin irakaslearekin. 2015an amaitu nituen ikasketak Bruselan, eta Azpeitira itzuli nintzen.

Txikitatik duzu musikarekiko zaletasuna. Eztake taldea sortu zenuten musika eskolako hainbat ikaslek gaztetxotan… Nola oroitzen dituzu garai haiek?

Oso urte onak izan ziren. Oso ongi konpontzen ginen guztiok. Ilusioz beterik geunden gazte kuadrilla bat ginen, nahi genuena lortzeko borrokan ari ginen gazteak. Nahiz eta gaur egun ez garen denok Azpeitian bizi, oso harreman ona dugu, eta elkarri adarra jotzen diogu orduko kontuez.

Bateria-jotzailea zinen talde hartan…

15 urterekin hasi nintzen bateria ikasten, eta urte hartan bertan osatu zen taldea, nahiz eta Eztake izenarekin eman genuen lehenengo kontzertua hurrengo urtean izan zen. Felipe Murillo (ahotsa), Mikel Zaldua (gitarra), Ainhitze Bereziartua (teklatuak), Ane Bastida (baxua) eta nik osatzen genuen taldea. Denbora asko ematen nuen bateria ikasten hasieratik, eta taldearen aitzakian are gehiago saiatu beharra ikusi nuen; izan ere, gehienek urteak zeramatzatem beren instrumentuarekin. Etxetik ikusten nuen musika eskolako bateria libre noiz zegoen, eta ahal nuen guztietan joaten nintzen. Batxilergoko lehen mailan, maiatzean amaitu genituen klaseak, eta egunero hiru orduz-edo joaten nintzen bateria ikastera. Ikasteak alfergurarik eman ez didan instrumentu bakarra da. Orain, nahiko utzita dut; etxean dudan bateria elektronikoak bonboa izorratuta dauka. Egunen batean berriro hartzea espero dut.

Bateria ikasteak alfergurarik ez, baina biolinarekin egin zenuen aurrera, ordea. Zergatik?

Baterian orduan ikasketa ofizialak jazzeko bateriakoak bakarrik ziren eta nik ez nuen jazz-a jotzen. Gainera, biolinean maila altuagoa nuen. Baina uste dut Unai Frantzesena (bateriako irakasle izan nuena) izan zela kontserbatoriora joatea proposatu zidan lehen irakaslea. Berak perkusioarekin esan zidan (musika klasikoan perkusio ikasketak daude, baina hor tinbalak, kaxa, xilofonoa, marinba...ikasten dira) eta ondoren biolinekoak eta biolontxelokoek gauza bera esan zidaten. Ezin nuen guztiekin eta biolina eta perkusioarekin sartu nintzen ikasketa profesionalera eta unibertistatean hasi nintzen irakasle izateko ikasketekin. Orduan oraindik ez nuen musikatik profesionalki jarraitzea pentsatzen.

2008an, Euskadiko Gazte Orkestran (EGO) aukeratu zintuzten. Zer moduzko esperientzia izan zen hura?

Esperientzia ona izan zen. Alde batetik, orkesta batean jotzea zer den eta nola jo behar den ikasteko balio izan zidan. Bestetik, epaimahaiaren aurrean egindako froga baten bidez, Euskadiko Orkestrarekin jotzeko beka bat lortu nuen. Gainera Eskoziara bidaiatu genuen, eta nola ez, jende pila ezagutzeko aukera eman zidan esperientziak.

Musikaren munduan aurrera egiteko aukera bat izan zela esan al dezakezu?

Baietz esango nuke. EGOn Musikeneko irakasleak-eta zeuden guri klaseak ematen, eta beraz, horien eskolak eta azalpenak jasotzeko aukera ere izaten da. Bestalde, zure adineko jendea ilusio berarekin ikusten duzu, eta horrek indarra ematen du. Han ezagutu nuen tronboi-jotzaile batek Berlingo Filarmonikoarekin jo izan du.

Gaur egun Euskadiko Orkestrarekin aritzen zara, kolaboratzaile. Zer moduz?

Euskadiko Orkestrarekin lehen aldiz bekadun moduan jo nuen. Bi programa desberdinetan jo nuen, urrian eta otsailean. Programa bakoitzean obra desberdinak jotzen dira, eta bakoitzak bere entseguak eta kontzertuak izaten ditu. Urrian hiruzpalau egunetan entseguak egin ondoren, sei kontzertu –Bilbo, Gasteiz, Iruña eta 2 Donostian eta Madrilen– izan ziren. Gainera, kuadrillako batzuk Madrilen zirela eta, kontzertura joan ziren; ilusio handia egin zidan. Otsailean, berriz, hiruzpalau entsegu egun eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan bost kontzertu eskaini genituen. Bekaduna zarenean, aldamenekoak laguntzen dizu partituran gauzak nola idatzi azalduz, arkuarekin zer lekutan jo esanez, zuzendariak esan duena ez baduzu ulertu –frantsesez, alemanez, inglesez, italieraz... hitz egiten dute askok–...

Zer esan nahi du kolaboratzaile izateak?

Handik urte batzuetara jo nuen kolaboratzaile gisa lehen aldiz. Horretarako ere frogak egin behar dira epaimahai baten aurrean, eta askotan, gortina baten atzean. Kolaboratzailearen eta musikari finkoen lana bera da; hau da, kolaboratzaile izanda, bat gehiago zara, baina aldi baterako zaude. Plantilla osatzeko jendea behar dutenean deitzen digute kolaboratzaileoi. Beraz, etxean ikasi behar duzu –partiturak bidaltzen dizkizute– eta programa osoa –obra guztiak– jo behar duzu.

Zorte ona izan dut; izan ere, euskal hiriburuetan abonu-programetan –hiri desberdinetako abonatu eta ez abonatuentzat prestatzen diren kontzertuak– jotzeaz gain, Donostiako Hamabostaldian, Musika-Musika Bilboko zikloan eta ABBAO opera zikloan ere parte hartu dut orkestrarekin. Horrez gain, grabaketa batzuetan ere parte hartu dut, eta oso gustura jo izan dut orkestrarekin. Bruselan Belgikako Orkestra Nazionalarekin kontzertu bat –lau entsegu egun eta kontzertu bat– emateko aukera izan nuen egin nuen froga bati esker. Kontzertu hura zuzenean irratiz eman zuten. Lana egin behar da, baina merezi du.

Beste hainbat orkestratan ere jotzen duzu. Zeinetan?

Gehienbat Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat orkestra erdi-profesionaletan jotzen dut. Biolinen bat behar badute deitzen didate. Joan zen astean, adibidez, Luis Mariano orkestrarekin izan nuen kontzertua Irunen. Martxotik izan dudan kontzertu bakarra izan da, egoera dela-eta Sapere Aude Sinfoniettarekin eta Kamerata Oiassorekin eman beharrekoak bertan behera geratu baitira. Musika klasikoaz gain, Bentazaharreko Mutiko Alaiak tadearekin ibiltzen naiz Euskal Herriko hainbat txokotan euskal kantak jotzen, eta emanaldi horiek ere bertan behera geratu dira.

Musika eskolako irakaslea ere bazara. Gustura al zaude?

Bai, betidanik esan izan dut eskolak ematea eta kontzertuak eta emanaldiak uztartzea dela nik nahi dudana, nahiz eta Euskadiko Orkestrari ezetz esan beharra gogorra egiten zaidan, eta azken urteetan nahi baino gehiagotan egin behar izan diodan uko. Urteroko erronka da eskolak ematearen eta zuzenekoen arteko oreka aurkitzea.

Zer da biolina zuretzat?

Askatasuna, poza, frustrazioa, beldurra, urduritasuna, ausardia... eman dizkidan objektu artistikoa. Neure burua ezagutzen laguntzen didana.

Eta musika?

Bizitza. Ezin dut nire bizitza musikarik gabe imajinatu. Bertan babesten naiz, eta musikak babestu egiten nau.

Aurrera begira, musikari lotuta bizitzea nahi al duzu?

Oraingoz bai behintzat, beharrezkoa sentitzen dut.

Ametsik bai?

Egoera honetan, musikari soilik erreparatuta, zuzeneko kontzertuak edukitze hutsa ametsa da.

Erronkarik?

Jazz-a kostatzen ari zait, baina musika estilo horretan, pixkanaka, gero eta gehiago murgiltzea erronkatzat daukat.