Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian bost koronabirus kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 18a, 13:43
Betharrametako ataria herenegun.

Guztira, 3.000 PCR proba gauzatu dituzte ostiraletik atzora bitartean –atzo 300–, eta orotara, 94 dira positibo eman duten herritarrak. Nagore Alkorta alkateak jakinarazi duenez, positibo eman duen herritarrik ez dago ospitaleratuta gaur-gaurkoz. Herritar ugari daudenez konfinatuta, martxoan sortutako boluntario sarea berriz martxan jarriko du udalak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, bost koronabirus kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan Azpeitian. Guztira, 3.000 PCR proba gauzatu dituzte ostiraletik atzora bitartean –atzo 300–, eta orotara, 94 dira positibo eman duten herritarrak. Gaur eta bihar ere jarraituko dute probak egiten, baina horiek anbulatorioaren ondoan muntatutako karpan gauzatuko dituzte.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak adierazi duenez, emaitza behin-behinekoa bada ere, "positiboa" da, baina oraindik ere "zuhurtziaz eta zentzuz" jokatu behar dela azaldu du. "Oraindik jendea ari da PCR probak egiten; bai positiboen kontaktu zuzenak, bai tabernariak. Beraz, oraindik positibo gehiago izateko aukera egongo dela aurreikusten dugu". Alkortak uste du agerraldiaren aurrean hartutako neurriak "emaitzak" izaten ari direla, nahiz eta oraindik "lan asko" dagoen egiteko.

Alkateak jakinarazi duenez, positibo eman duen herritarrik ez dago ospitaleratuta gaur-gaurkoz, baina esan du birusaren bilakaera ikusita, egun "dezente" pasatzen direla positibo eman duten pertsonak ospitaleratzerako. "Datua, beraz, behin-behinkoa da".

Boluntario sarea berriz martxan

"Azpeitiar ugari dago aislatuta positibo eman duelako edo positibo eman duten pertsonen kontaktu zuzenak direlako, eta beste hainbat etxean gelditu dira adinagatik edo patologia dituztelako", azaldu du Alkortak. Horregatik, martxoan sortutako boluntario sarea –177 lagun aritu ziren laguntzen– berriz jarriko dute martxan. "Herritarrek laguntza eskatzea, erosketak egitea edo hitz egitea nahi badute deitzeko aukera izango dute". Hain zuzen ere, bi telefono egokituko dituzte: goizez, 08:00etatik 15:00etara Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deitu beharko da; eta 15:00etatik aurrera, Udaltzaingoaren 943-15 13 13 telefonora.

Azpeitiko alkateak "laguntzeko" daudela gogorarazi die herritarrei, eta jakinarazi du udaletxeko ateak eta Gizarte Zerbitzuak zabalik daudela. Horrez gain, pandemia hasi zenean martxan jarritako laguntzak ere martxan direla esan du. "Laguntza behar duen orok jo dezake udaletxeko atea, irekita dagoelako". Bestalde, laguntzeko prestutasuna agertu duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie Alkortak.

Zarautzen kasu bat

Osasun Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak eman ditu gaur ere: Bizkaian 185 kasu, Araban 72 eta Gipuzkoan 53 jazo dira. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean beste 11 kasu ere zenbatu dituzte. Atzo hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 165 dira ospitaleratuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur egun, hamazazpi lagun daude ZIUn.

Urola Kostan, berriz, Azpeitiko kasuez gain, Zarautzen beste positibo bat detektatu dute. Gainerako herrietan ez dute kasu positiborik zenbatu.