Koronabirusa Azpeitian

Alde Zaharreko tabernak itxita izango dira astelehenera arte

Julene Frantzesena 2020ko abu. 14a, 20:10
Erdikaleak gaur iluntzean zuen itxura.

Eguneko zentroa ere itxi egin dute, eta San Martin egoitzako egoiliarren eta horien senideen arteko bisitak bertan behera utzi dituzte. Udalak, gainera, itxi egin ditu kiroldegia eta igerilekua. Nagore Alkorta alkateak beste herrietara ez joateko deia egin die azpeitiarrei.

Asteburuan Alde Zaharrean izan den koronabirus agerraldia dela eta, PCR probak egiten hasi da gaur Osasun Saila Azpeitian, eta udalak ere hainbat neurri hartu du. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko tabernak itxi egin dituzte behin-behinean, astelehenera arte. Udalak eta tabernariek gaur arratsaldean egin duten bileran hartu dute erabakia, Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez.

Horrez gain, eguneko zentroa itxi dute, eta zerbitzu hori etxez etxe eskainiko dute datozen egunetan. Gainera, San Martin egoitzako egoiliarren eta horien senideen arteko bisitak ere bertan behera utzi dituzte, egoera hobetu bitartean. Udalak, gainera, itxi egin ditu kiroldegia eta igerilekua.

Une "gogorra" dela eta, "arduraz eta herri bezala" jokatzeko deia egin die herritarrei, eta prebentzio neurriak "zorrotz" aplikatzearen garrantziaz ohartarazi du alkateak. Hark mezu bat helarazi die Azpeitiko bizilagun guztiei: "Saninazioetan beste herrietako bizilagunei esan genien Azpeitira ez etortzeko, eta orain azpeitiarrei esan nahi diegu beste herrietara ez joateko. Egoera hobetzen denean izango dugu horretarako aukera".