Koronabirusa Azpeitian

PCR proben emaitzen arabera erabakiko du Azpeitiko Udalak neurri gehiago hartu edo ez

Mireia Galarza eta Urtzi Oteiza 2020ko abu. 14a, 17:59

Asteburuan Alde Zaharrean nahiz plazan izan ziren herritarrei proba egiteko deia egin die udalak. Nagore Alkorta alkateak azaldu duenez, asteburuan espero dute PCR probak egiten bukatzea, eta emaitzen arabera, astelehenean erabakiko dute zer neurri berri hartu. Dena den, martxan diren udal zerbitzuak itxi egingo dituzte, hala nola kiroldegia eta igerilekua.

Udalak eta Osasun Sailak egin dute Azpeitian sortu den koronabirus fokuari –hamahiru positibo zenbatu dituzte azken orduetan herrian– aurre egiteko lehen bilera. Osasun Saila arratsaldean hasi da joan zen ostiraletik igandera bitartean Alde Zaharrean –plazan barne– egon ziren herritarrei PCR probak egiten. Azpeitiko alkateak azaldu duenez, gaur 500 bat proba egingo dituzte, eta bihar jasoko dituzte horiek emaitzak.

Alkortak jakinarazi duenez, asteburuan espero dute PCR probak egiten bukatzea, eta emaitzen arabera, astelehenean erabakiko dute zer neurri berri hartu. Dena den, dagoeneko hartu dituzte erabaki batzuk: martxan diren udal zerbitzuak itxi egingo dituzte, hala nola kiroldegia eta igerilekua. Gainera, Alkortak adierazi duenez, San Martin egoitzako eta eguneko zentroko ordezkariekin ere jarriko dira harremanetan, baita ostalariekin ere.

Alkortak azaldu duenez, "epe motzean" hartu behar dira erabakiak, eta adierazi du litekeena dela "neurri gogorragoak" hartzea. "Hobe da neurri gogorrak orain hartu, denbora luzatzen aritu baino". Alkatearen hitzetan, "giroan" suma zitekeen koronabirus positiboen foku bat etor zitekeela; izan ere, joan zen astean, gutxianaka, baina izan ziren positiboak. "Halakoetan, beti ezetz espero izaten duzu, baina bagenuen sentipen hori, eta azkar etorri da. Fokoa ixtea dagokigu orain; ea ahalik eta azkarren geratzen dugun eta arazoa konpontzen den".